AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Garikoitz Aspiazu epaiketan
2019/11/06 10:03

Astelehenean, azaroak 4, hasi zen Garikoitz Aspiazu eta Asier Arzalluzen aurkako epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. ETA erakundeak Jose Maria Lidon epailea hil zuen 2001. urtean Getxon (Bizkaia), eta Aspiazu eta Arzalluzi leporatu diete atentatuan parte hartu izana. Dena den, astelehenean biek ukatu zituzten haien aurkako akusazioak, eta azaldu zuten ez zeudela Bizkaian hilketa gertatu zen egunean. Atzo, fiskaltzak atzera bota zituen Arzalluzen aurkako akusazioak, froga falta dela-eta.  Izan ere, besteak beste, fiskaltzak azpimarratu zuen ezin dutela baieztatu une hartan Arzalluz Olaia Komandoko kidea zenik.

Aspiazuren aurkako espetxe zigor eskaera mantendu egin du, ordea: 30 urte. Hilketa jazo eta 10 urtera, ustez, telebistan ikusitako irudi batzuetan Aspiazu identifikatu zuten epailearen hiltzaile modura haren senideek. Hori da santutxuarraren aurkako oinarrizko froga. Defentsaren abokatuak esan duenez, hori froga modura hartzeak "sinesgarritasuna" kentzen dio akusazioari; bere ustez, familiak "bere burua konbentzitzen" jardun du azken urteetan, nahiz eta, hala ere, ez duen uste "gauzak asmatu edo gezurrak esan" dituztenik.

Lidonen ahaideek, bestalde, Arzalluzen zein Aspiazuren aurkako zigor eskaerekin aurrera egin dute. "Zigor maximoak" galdegin dituzte bientzat.