AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Diario De Navarra
2020/03/23 12:41

Atzeratu egin dute Iruñeko (Nafarroa) Errotxapea auzoko gaztetxearen aurkako epaiketa, gaztetxeko kideek bart, hilak 22, jakinarazi zutenez. Iragan otsailean iragarri zuten martxoaren 25ean izango zela epaiketa, alegia, etzirako zuten hitzordua ezarrita. Oraindik zehazteke dago noiz izango den epaiketa, eta gaztetxeko kideek adierazi dute laster emango dutela aditzera informazio gehiago.

Luze erresistentzian

Errotxapeako Gaztetxeak luze darama jada hutsarazte arriskuaren aurrean borrokan. Abuztuan egin zuen "erresistentzia martxan jartzeko" deia, eta geroztik, horretan dabiltza gaztetxeko kideak. Gaztetxeako kideek adierazi zuten eskura dituzten "baliabide guztiekin" defendatuko dutela gunea: "Auzo eta mundu hobe bat eraikitzeko beharrezkoak dira, eta edozein erasoren aurka borrokatzea zilegi da".

Orduko hartan, Iruñeko Hirigintza Sailak espazioan ekimen publikoak egiteko ezarritako oztopo administratiboak salatu zituzten, baita udaletxeak gaztetxeak husteko zuen helburu argia ere. Horrekin batera, La Caixa banketxeak eraikinean etxebizitzak egiteko agertutako asmoa utzi zuten agerian.

Errotxapean etxebizitzaren auziarekin bizi duten problematika ere mahaigaineratu zuten udan; izan ere, etxegabetutako familiak eta etxe huts ugariak gogoan, banketxeak etxebizitzak eraikitzeko asmoa behin eta berriz erakutsi izana salatu zuten, baita eraikin horretan bertan ere. Helburu horren aitzakipean eman zioten hasiera gaztexearen aurkako prozesu judizialari, egun martxan jarraitzen duen bera.

Egun udaletxean agintzen duen UPN alderdiaren jarduna seinalatu zuten, iraganean "modu ilegalean eta gupidarik gabe" hustutako gaztetxeak gogora ekarriz. "Irule gaztetxearen desalojoa ahaztuko dugulakoan bazaudete, oker zabiltzate; baita Euskal Jai gaztetxean egin zenuten suntsipena ere", esan zuten. Luze jo du hamaika urtez Iruñerrian bertan jasandako errepresioak, gaztetxeetan barne, ondorengo dokumentalean jaso duten modura.

Hiru urtetik gorako bidea

2016. urteko irailean birjabetu zuten Errotxapeako Gaztetxea izango zena, eta 2017. urtetik aurrera, etengabeko desalojo mehatxuak bizi izan dituzte bertako kideek, baita eraikina zeharka edo ezkutuan desalojatu nahi izana ere. Urte horretan bertan abiarazi zuten gaztetxeko hiru kideren aurkako auzibidea.

EZ DAGO IRUZKINIK