Ehunka behargin batu dira Laudion Tubacexeko langilearen erailketa salatzeko

Aste honetan mobilizazioak egin dituzte Laudioko hainbat langilek zein eragilek, Tubacexen lantokiko behargin baten erailketa salatzeko. Hildakoaren lankideek atzo goizerako deitu zuten manifestazioa, eta arratsaldean, herriko hainbat eragilek deituta, elkarretaratzea izan zen herriko plazan.
Argazki Nagusia
Ehunka langile Laudioko Plaza Nagusian, langile baten erailketa salatzen
2019ko uztailaren 06a

Atzo 12:00etan hasi zen Tubacex enpresaren Laudioko (Araba) lantokiko langile batzordeak antolatutako mobilizazioa. Lantokiko ataritik hasi zen manifestazioa, eta aste honetan bertan eraila izan den beharginaren lankideek eraman zuten pankarta. Ehunka langilek hartu zituzten herriko kaleak, eta plazara heltzean, hainbat sindikatutako ordezkariek hitza hartu zuten.

Erailketa salatzeaz gain, lantegiko lan baldintza eskasak jarri zituzten jopuntuan. Esaterako, langile falta eta formakuntza falta nabarmendu zituzten. Tubacex seinalatu zuten hilketaren erantzule nagusi modura, eta jakinarazi zuten beharrezkoak diren ikerketak bultzatuko dituztela, "kasua benetan argitzeko".

Atzoko erailketa ez da lehenengoa Tubacex enpresan. Azkeneko 10 urteetan, lau langile hil dituzte bertan. ELA eta LAB sindikatuek adierazi dute hildakoa ikasketa dualaren bitartez heldu zela lantokira, eta denbora gutxi zeramala kontratupean. Istripua gertatu zen unean, langilea bakarrik zegoela esan dute, eta lan hori aurrera eramateko, inolako laguntzarik ez zeukala azaldu dute.

Bestalde, atzo arratsaldean, Laudioko Gazte Asanbladak, Aiaraldeko Ikasle Abertzaleakek eta Orbeko Etxeak deituta, elkarretaratzea izan zen herriko plazan. Kapitalismoa hiltzailea lemapean, dozenaka lagun bildu ziren.