AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Etxarri gaztetxea
2020/10/02 10:16

Etxarri gaztetxeko kideei aste honetan jakinarazi diete gaztetxearen aurkako epaiketa izan dela eta, haiekin "aurretik inolako kontakturik izan gabe", espazioa husteko agindua eman duela epaileak.

Gaztetxeko kideek "gogor" salatu dute haien aurkako desalojo agindua, "garai beltzotan antolatzeko eta indarrak batzeko espazioak izatea ezinbestekotzat" jo baitute. "Sektore kolpatuenok are gehiago zapaltzeko egindako maniobra hauen guztien aurrean", azpimarratu dute "irmotasunez erantzungo" dutela eta ez direla "erasoen aurrean kikilduko", "ez eta urte hauetan konpromiso militanteari esker lortutakoa galtzen utziko ere".

SEI URTEZ MARTXAN

Errekalden (Bilbo) 2014an birjabetu zuten "egun Etxarri gisa ezagutzen dugun" eraikina, bi hamarkadaz hutsik egon zena. "Auzoak zituen ase gabeko beharrei kolektiboki erantzun nahian ekin genion hasiera-hasieratik lanari", azaldu dute gaztetxeko kideek: "Eragileak elkar zitezen ateak zabaltzen; gazteei bestelako aisi-eredua eskaintzen; gizartearekiko ikuspegi kritikoa lantzeko hitzaldiak; film-proiekzioak edo formakuntzak antolatzen; gure arteko harremanak ehuntzeko asmoz, bazkariak, afariak, lan egunak edota musika-emanaldiak prestatzen".

Bilboko Udalak 2016ko azaroan agindu zuen Etxarri zarratzeko, "segurtasun neurriak betetzen ez zituela" argudiatuta. Hala, "behin-behineko ixte agindu hartaz baliatuta", espazioa desalojatu zuten. "Kale gorrira kondenatuak izan ginen berriz ere".

2018ko martxoan, baina, "gaztetxea berreskuratzea lortu" zuten gazteek. "Azken bi urte hauetan geldialdiak eragindako oztopoei aurre egitea lortu dugu, eta pixkanaka, indarrak batzen joan garela esan daiteke: egitarau politikoak antolatuz, jende berria batuz, azpiegitura aldetik espazioa atonduz", diote.


ERABATEKO OFENTSIBA

Etxarri husteko agindua ezin dela "modu isolatuan ulertu" iritzi diote gaztetxeko kideek: "Koronabirusak sakondu duen krisi testuinguru honetan, dirudunek eta agintariek areagotu egin dituzte langileon aurkako erasoak: erreforma ekonomikoak inposatuz, Zigor Kodea gogortuz, kaleak militarizatuz, eta nola ez, okupazioaren aurkako legeak zorroztuz". Horren adibide modura aipatu dituzte, beraz, okupazioaren aurkako kanpaina mediatikoa nahiz "okupazioaren aurkako neurriak hartzeko eta legeak gogortzeko" Espainiako Fiskal Nagusiak erakutsitako "borondatea".

"Ez zaigu kasualitatea iruditzen agintariek praktika hau galarazteko makineria errepresibo guztia prestatzen hasi izana, gizartearen gero eta jende gutxiago gaitasuna izaten ari denean etxebizitza bat eskuratzeko, eta aurreikusgarria denean okupazio kasuek gora egingo dutela", azaldu dute gaztetxeko kideek.

EZ DAGO IRUZKINIK