AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
GUETen aurkezpena joan den Azaroaren 25ean. Argazkia: GUET
2019/12/04 15:49

Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldeak adierazpen bat argitaratu berri du sare sozialetan. Modu horretan jakinarazi dute GUETeko kideek hainbat eraso jasan dituztela azken asteetan. Bizi behar izan duten jazarpenaren arrazoia, taldeak babesten dituen "oinarri politikoak" direla azaldu dute.

Izan ere, euren aurka egin duten erasotzaile gehienak "beste korronte feministetako kideak" direla azpimarratu dute. "Benetan mingarria iruditzen zaigu emakume guztion ahizpatasunaren defentsaz hitz egiten duten horiek gure aurkako jazarpena gauzatu izana", diote GUETekoek.

Profil horretako pertsonek egindako erasoen artean, besteak beste, "jarraipenak, hitzezko erasoak edota espazio pertsonalaren urraketa" aipatu dituzte. Hain zuzen, modu horretara jazarri zuten GUETeko kide bat, duela zenbait aste.

Bestalde, euren propagandaren aurkako erasoak ere izan dira. GUETek jardunaldiak egin ditu duela gutxi, Indarkeria matxistaren aurka, klase batasuna lelopean. Kartelak itsatsi zituzten Gasteizko campusean barrena, eta "erantzun bat" jaso zuten: hainbat karteletan, "gizon langileek ez gaituzte erasotzen?" esaldia agertu zen idatzita, GUETen "jarduna oztopatzeko" asmoz.

Elkartasuna, zaintza eta eztabaida

GUETeko kideek adierazi dute jarrera horiek ez direla "GUETen aurkakoak soilik, oinarri politiko batzuen aurkakoak baizik". Izan ere, gogorarazi dute Ibaetako (Gipuzkoa) campuseko Arrakala emakume taldeko kideek ere hainbat eraso jasan dituztela azkenaldian. "Beraz, guztion erantzukizuna da horren aurka egitea".

GUETek azpimarratu du ez dutela "inolako erasorik onartuko", eta haien aurrean, "elkartasuna eta zaintzaren defentsa aurrera eramaten" jarraituko dutela. "Uste dugu, gure arteko etsaitasun eta traizioak indartu beharrean, zapalduon arteko elkartasuna martxan jarri eta elkarrekin ongizate kolektiboan oinarrituko den gizarte bat eraiki behar dugula gaurdanik", adierazi dute.

Hari-mutur horri heldu dio GUETek bere propagandaren aurkako mezuei erantzuteko ere ("gizon langileek ez gaituzte erasotzen?"): "Bai, gizon langileek erasotzen gaituzte. eta hori argi utzi dugu gure jardun orotan; izan kanpora begirakoetan, edota barne mailako formakuntzetan [...] Klase batasunaz ari garenean, desjabetuon arteko batasunaz ari gara hizketan, emakume langilearen askapenerako berme bakarra baita guretzat. Ez du esan nahi erasoak onartzen ditugunik; kontrara, batasun erreal bat emateko langile klasearen baitako erasotzaile figurak borrokatzea eta salatzea oinarrizko jarduna dela uste dugu".

Hala, "eztabaida politikoa" ere galdegin du GUETek, baina, "baldin eta talde eta iritzi guztiak errespetatuak izateaz gain, espazio politiko erreala garatzeko aukera badute".

EHU eta garbitzaileak

Bestalde, Azaroaren 25aren atarian, unibertsitateetako garbitzaileen egoeraren berri emateko kanpaina abiatu zuen GUETek, "EHUren pasibotasuna salatzeko". Karteletako batek hala zioen: "EHUk bere protokolo feminista atera bitartean, bere soldatapeko garbitzaileek 14 urte daramatzate borrokan, lan baldintza hobeak eskatuz". 

Kartel horien gainean ere, GUETeko kideek erantzuna jaso zuten idatziz: "Ez dira EHUkoak", garbitzaileei erreferentzia eginez. Erantzun horiek, GUETen arabera, ez dira aurretik aipatutako profileko pertsonetatik eratorri. 

Mezuen edukiari dagokionean, emakume taldeak argitu du azpikontratatutako enpresa bateko beharginak direla garbitzaileak, baina "EHU dela enpresa hori azpikontratatzen duena": "Erantzukizuna du honetan guztian".

Garbitzaileek parte hartu zuten GUETek Azaroaren 25aren harira antolatutako mahai inguru batean, eta honakoa azaldu zuten bertan: Nekane Balluerka Errektore denetik, berdintasun teknikariak jarri zituztenetik eta, ustez, "EHU feminista denetik" ere, unibertsitatea ez da garbitzaileekin harremanetan jarri. Ez du, beraz, inongo interesik erakutsi beren lan baldintzak hobetzeko bidean, langileen esanetan. Baieztapen horretan berretsi da GUET ere.

EZ DAGO IRUZKINIK