Amiantoaren eraginez, gutxienez hiru langile izan dira erailak azken hilabetean

Aurten, gutxienez 22 behargin hil dituzte amiantoaren eraginez Hego Euskal Herrian. Erandioko Astilleros Reunidos del Nervion enpresan aritu zen lanean zenbatu duten azken hildakoa. Amiantoarekin harremanetan lan egin izan dutenen gaixotasunak osagai horrek sortu zituela onartuz, Gizarte Segurantzaren hainbat ebazpen argitaratu dituzte azken asteotan.
Argazki Nagusia
Erandio. Argazkia: Manuel Ezia
2019ko irailaren 04a

ASVIAMIE elkarteak jakinarazi duenez, amiantoaren eraginez, gutxienez hiru langile erail dituzte abuztuan Hego Euskal Herrian. Erandioko (Bizkaia) Astilleros Reunidos del Nervion enpresako behargin bat izan da azken hildakoa; 77 urte zituen, eta amiantoak sortutako biriketako minbizi baten ondorioz zendu zen.

Abuztuaren 4a ere gorriz margotutako eguna izan zen gurean: Beasainen (Gipuzkoa) hil zen langile bat, 76 urte zituela, arrazoi berdina zela-eta: amiantoak eragindako biriketako minbizia. Goierriko Construcciones Electromagneticas enpresan aritu zen. Beasainen dago kokatuta Gipuzkoan osagai hori dela-eta hildako gehien zenbatu dituen lantegia; CAF, alegia.

Bestalde, 79 urteko behargin bat hil zen abuztuaren 13an, amiantoak sortutako mesotelioma baten ondorioz. ASVIAMIEk azaldu duenez, Carpinteria Nicolas enpresan jardun zuen, eta besteak beste, Bilboko (Bizkaia) San Mames estadioan aritu zen arotz lanetan, azpikontratatutako langile modura.

Etenik ez duen kontagailua

Hego Euskal Herrian ez du etenik amiantoaren eraginez hil dituzten langileen kontagailuak. ASVIAMIEk jasotako datuen arabera, aurten gutxienez 22 erailketa izan dira. 1993. urtetik hona, gutxienez 2.422 hildako zenbatu dituzte.

Amiantoak eragindako gaixotasunak

Amiantoarekin harremanetan lan egin izan dutenen gaixotasunak osagai horrek sortu zituela, eta beraz, lanbide-gaixotasunak direla onartzea da ASVIAME elkarteak bere gain hartu duen egiteko nagusietako bat. Hala, zenbait ebazpenen berri eman dute azken asteetan.

Gipuzkoako Gizarte Segurantzak onartu berri du Hernaniko (Gipuzkoa) Pedro Orbegozo-Acenor lantegiko bi langile ohiri kalte-ordainak ematea, haietako bat dagoeneko zendu den arren. Biriketako minbizia pairatu dute biek, eta Osalanek aitortu berri duenez, "litekeena da beren jardunean amiantoarekin, silizearekin eta metal-kearekin harremanetan egon izana.

Bestalde, Berrobiko (Gipuzkoa) Uranga paper fabrikan beharrean aritu zen langile ohi baten gaixotasuna ere lanbideak eragindakoa dela onartu du abuztuan Gizarte Segurantzak. 78 urte ditu beharginak, eta pleurako mesotelioma pairatzen du egun. Fabrikan paperari botatzen zizkioten talko hautsak amiantoa izan zezakeela azaldu dute.