AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: ELA
2019/07/11 17:41

110 langile dira Aguraingo (Araba) DHL logistika zentroan. Eroskirentzat eta Legazpiko Bellota enpresarentzat egiten dituzte lanak. 2017ko abenduan agortu zen bertako lan hitzarmena, eta beraz, negoziaketetan murgildu ziren Zuzendaritza Batzordea eta beharginen ordezkariak. Oraindik ez dute adostasunik lortu.

Izan ere, zuzendaritzaren helburua da soldata igoerak lurraldeko lan hitzarmenarekin lotzea. Era berean, bi maila mantendu nahi dituzte soldatetan; hala, une honetan, lehen indarrean zegoen hitzarmena adostu ondoren beharrean hasi ziren langileek zein aldi bateko langileek, hitzarmenaren garaian kontratuak sinatu zituztenekin alderatuz, urtean 3.000 euro gutxiago irabazten dituzte.

Esan bezala, hitzarmen berriaren inguruko negoziaketetan ez da adostasunik egon. Hori horrela, greba mugagabea abiatu zuten langileek pasa den maiatzaren 23an. Zuzendaritzaren interesen aurrean, Aguraingo DHL enpresako beharginen eta enpresa batzordearen oinarrizko eskaerak ondorengoak dira: lanaldiak murriztea, KPIren araberako igoerak izatea, soldatetan dauden desberdintasunak ezabatzea, eta kontratuak mugagabeak izatea.

Iruzur salaketa

Bestalde, ELA sindikatuak salatu duenez, "enpresako zuzendaritza behin-behineko kontratuez eta Aldi Baterako Laneko Enpresez (ABLE) baliatzen da iruzurra egiteko". Sindikatuaren hitzetan, "hala egiaztatu eta jaso zuen Lan Ikuskaritzak txosten batean, eta isuna jarri zion enpresari arrazoi horregatik".

Hala, jakinarazi dute zuzendaritzak 17 behargin kontratatzeko asmoa agertu ziola langile batzordeari, Aldi Baterako Laneko Enpresen bidez. Uztailaren 2an izan zuten biltzarra.

DHLko langileek 52 egun daramatzate greban, eta gaur mobilizazioa egin dute Gasteizen (Araba).