AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: civio.es
2020/04/18 13:47

Covid-19 birusaren hedapenak gogor kolpatu ditu zahar etxeak. Osasun-langile batek Berria-ri jakinarazi dionez, duela gutxi hasi dira egoitzetan testak "masiboki" egiten, martxoaren amaierara arte ez baitzegoen protokolorik. "Zentro batzuetan %50 eta %70 daude kutsatuta", azaldu du.

Langileen zein egoiliarren artean atzemandako kutsatzeak, koronabirusa hautemateko probak egiteko ezintasunak (askok adierazi dute sintomak dituztenei baino ez dietela proba egiten) nahiz egoiliarren heriotza eguneroko ogia dira krisialdia hasi zenetik. Europa mailan Covid-19ak jota hildakoen artean, %50 zendu dira egoitzetan, Berria-ren arabera.

Hala ere, babeserako eta segurtasunerako ia baliabiderik gabe jardun behar izan dute langileek. Sona handia izan du, besteak beste, Ordiziako (Gipuzkoa) San Jose egoitzako kasuak: zabor poltsekin babestu behar izan dute beharginek, eta maskararik ere ez dute izan.

Kutsatzeek gora egin ahala, etengabe hazi da eritasun baja hartu behar izan duten beharginen kopurua (Gipuzkoako hainbat lekutan, adibidez, heren batera heldu da zenbatekoa); ondorioz, gaixotu ez direnen lan-karga ere asko hazi da. Gero eta gehiago dira bizi duten egoera larria salatzen ari diren langileak, eta besteak beste, baliabide eta material falta dutela adierazi dute, baita pertsonal falta ere. Hala, muturreko egoeran daudela salatu dute egoitza askotan; esaterako, Altzako (Gipuzkoa) Berrako zentroan bi erizainen artean zaindu behar dituzte 140 egoiliar; zortzi erizain dira izatez, baina bajan daude sei. Zentroko gainontzeko langileak kontuan kontuan izanik, 30 dira bajan daudenak.