Asteazkenetik ostegunerako gauean, hilketa matxista bat izan zen Bilbon (Bizkaia): 31 urteko emakume bat erail zuen bere bikotekideak, partekatzen zuten etxebizitzan. Aurten Euskal Herrian izan den hirugarren erailketa matxista da, gutxienez: maiatzean Donibane Lohizunen (Lapurdi) izan zen bat, eta ekainean Urruñan (Lapurdi).
Bilboko hilketa matxista salatzeko eta, orokorrean, indarkeria matxista orori ezetz esateko, mobilizatzera deitu du Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak. Protestak antolatu ditu Euskal Herriko hainbat herritan: atzo Baionan (Lapurdi), Iruñean (Nafarroa) eta Tolosan (Gipuzkoa) egin zituen elkarretaratzeak, eta gaur beste zenbait herritan joko du protestara.
Gaur, hain zuzen ere, Andoainen (Gipuzkoa), Azkoitian (Gipuzkoa), Azpeitian (Gipuzkoa), Gernikan (Bizkaia), Legazpin (Gipuzkoa), Zarautzen (Gipuzkoa) eta Zestoan (Gipuzkoa) egingo ditu kontzentrazioak. Itaiaren tokian tokiko taldeek argitaratu dituzte deialdi zehatzak.