Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) protesta-ekintza bana egin zuen atzo Bilbon (Bizkaia) eta Iruñean (Nafarroa), Espainiako Gobernuaren ordezkaritza-egoitzetan: lau kide kateatu ziren, Israelgo Estatuaren izaera terrorista salatzeko eta sionistekin harreman militar, diplomatiko eta ekonomiko oro eten dadila exijitzeko.
Bi hirietan jazarri zituen protestak Poliziak. Bilbon, Ertzaintzak hainbatetan kargatu zuen ekintzan parte hartzen ari ziren gazteen kontra, zenbait lagun zaurituz. Kateatu ziren bi pertsonak, gainera, atxilo eraman zituzten. Arratsaldean utzi zituzten aske. Iruñean, berriz, Espainiako Poliziak jo zuen protestaren kontra. Kateak kentzean, ordezkaritza-egoitza barrura sartu zituzten lotutako bi gazteak, baina goizean bertan askatu zituzten.
Mobilizatzen jarraitzeko beharra
Bilboko GKSk mobilizatzen segitzeko beharra azpimarratu zuen, eta deialdi bat egin zuen iluntzerako. Israel estatu terrorista. Israelekin harreman oro eten lelopean, manifestazio bat egin zuen Alde Zaharrean barrena, 20:00etan hasita. Besteak beste, Israelgo Estatu terroristaren desagerpena aldarrikatu zuen GKSk, eta jopuntuan jarri zituen gobernuak eta enpresak, sionistekin moztu ez dituzten harremanak direla-eta. Gainera, babesa adierazi zion sarraski sionistaren aurka borrokatzen ari den erresistentziari.