Espainiako Vuelta irailaren 2an eta 3an igaroko da Nafarroatik eta Bizkaitik. Palestinarekin Elkartasuna plataformak gogorarazi duenez, Israel Premier Techeko txirrindulariak parte hartzen ari dira lasterketan, eta beraz, une hori probestu nahi du Israelgo Estatuaren desegitea aldarrikatzeko eta talde sionistari ezetz esateko.
Irailaren 3an, 16:00etan Vueltaren Bilboko (Bizkaia) helmugara (Kale Nagusiko Gregorio de la Revilla) bertaratzera deitu du plataformak, hura "Palestinaren aldeko aldarrikapenez" betetzeko. Palestinako banderak eramateko eskatu dio jendeari.
Palestinaren aldeko protesta atzoko etapan
Atzo, Figueres (Girona) inguruan egin zuten protesta hainbat pertsonak Israel Premier Techen kontra. Arratsaldeko 17:30ak jota irten ziren talde sionistako zortzi txirrindulari Figuerestik, baina minutu gutxiren buruan, bidea blokeatu zieten zenbait lagunek, Neutraltasuna konplizitatea da. Boikota Israeli zioen pankarta bat eta Palestinako banderak zeramatzatela.
Guardia Zibilaren motor bat pankarta botatzen saiatu zen, eta beste zenbaiten artean ahalegindu ziren manifestariak bidetik kentzen. Alerta Solidàriaren arabera, haietako bat atxilo eraman zuten polizia-indarrek.
Vueltaren antolatzaileek salatu zuten "biolentzia-ekintza" bat izan zela protesta, eta Israel Premier Techek "arriskutsutzat" jo zuen hura. Taldekide sionistek esan zuten "Vueltan eta lasterketa guztietan gure segurtasuna bermatzeko" lan egingo dutela, eta euren "osasunaren eta lehiatzeko eskubidearen" defentsan jardungo dutela.
Israel Premier Tech, kanporatua Lizarrako lasterketa batetik
Euskal Herrian, aurrez ere egin diote planto Israelgo Estatuko txirrindularitza-taldeari. Palestinarekin Elkartasuna plataformaren ekimenez, txirrindularitzarekin lotura duten 70 bat pertsonak eskatu zioten Lizarrako (Nafarroa) Txirrindularitza Klubari ez zezatela kirolari sionistek Miguel Indurain Sari Nagusian parte hartu. Klubak handik gutxira eman zuen sariketako parte-hartzaileen berri, eta Israel Premier Tech ez zegoen zerrendan azkenean, argitu ez zituzten arrazoiak zirela-eta. "Borrokak merezi du", esan zuen Palestinarekin Elkartasunak.