AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/06/27 12:45

Gaurko, ekainaren 27rako, familia baten etxegabetzea ezarrita zegoen Bilboko (Bizkaia) Alde Zaharrean, Bidebarrieta kalean. Desalojoari aurre egitera deitu zuen AZET Etxebizitza Sindikatuak, eta 08:00etarako bertaratu da jendea. Ertzaintzak, baina, etxeko ataria hartu du indarrez, etxe-kaleratzea gauzatzeko.

Bikote bat eta adin txikiko lau seme-alaba euren etxetik botatzeko asmoz, 09:30ak aldera heldu da segizio judiziala. Uko egin dio AZETeko kideekin negoziatzeari, eta, hala, gauzatu egin du etxegabetzea: segizioa udaltzainek babestuta sartu da etxera. Zehazki, Eusko Jaurlaritzaren menpeko Alokabideren pisu batetik bota dute familia.

Ertzaintza, gainera, desalojoari aurre egiten ari zen jendearen aurka oldartu da: ostikadak eta borra-kolpeak izan dira, eta gutxienez hamabi pertsona identifikatu dituzte, Ecuador Etxea-k jakinarazi duenez.

Kaleratzea gauzatu ondoren, Bilboko Udaleko Gizarte-Ekintza Sailera joan dira AZETeko kideak, euren esanetan, "kale gorrian utzi duten Rosario eta Miguelen familiarentzako alternatiba duin bat exijitzera". "Teknikariekin biltzea lortu dugun arren, arduradun politikoek ez dute biltzeko borondaterik agertu. Beraien esku dago familiari alternatiba duin bat bermatzea", adierazi dute.

EZ DAGO IRUZKINIK