AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Bizkaia Gaur
2026/01/22 09:27

Bilboko (Bizkaia) beste udaltzain bat auzipetu dute, zilindrada handiko motoak lapurtzen dituen talde baten parte izateagatik. Argien unitatean aritu da agentea: beraz, sarbidea izan du ibilgailuen matrikuletara eta DGTko historialetara, eta istripuak ikertzen zein trafiko-kontrolak egiten jardun du udaltzain modura, besteren artean.

El Correo-k eman du albistea: badirudi aurreko asteazkenean desegin zutela talde hori, Ertzaintzak hainbat atxiloketa egin zituenean Muskizen (Bizkaia) eta Portugaleten (Bizkaia). Bost pertsona atxilotzeaz gain, ikertu gisa izapideak ireki zituzten beste hiruren aurka, horietako bat Bilboko udaltzaina. 

Badirudi dozenaka moto lapurtu dituela taldeak, eta 27 eta 55 urte arteko hainbat kidek osatzen dutela. Santurtzin (Bizkaia) bi ibilgailu lapurtu zituztenean hasi zen ikerketa poliziala Muskizko ertzain-komisarian, eta badirudi ikertuei "talde kriminal" baten parte izatea leporatzen diela Ertzaintzak.

El Correo-ren arabera, lanak banatuta zituzten taldeko kideek: helburu izan zitezkeen motoak identifikatu, lapurreta gauzatu, ibilgailuei aldaketa teknikoak egin, eta merkaturatu egiten zituzten. Bilboko udaltzainak, matrikulei buruzko informaziora sarbidea izan duenez, ibilgailuen jabeei eta haien helbideei buruzko informazioa eduki du eskura. Itxura denez, gaur-gaurkoz plaza finkorik ez duen bitarteko udaltzain bat da.

EZ DAGO IRUZKINIK