AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/10/09 20:43

Bilboko Udalak (EAJ) gaur goizean hustu ditu Deustuko Erriberako Lancor eta Consonni pabiloiak, Zorrotzaurren garatzen ari den plan urbanistikoaren barruan. Udalak azaldu du bertan bizi ziren pertsonek euren "borondatez" utzi dutela espazioa, bizitoki-alternatiba iraunkor baten promesaren pean. Hala ere, presio eta mehatxu bidez aterarazi dituzte bi eraikinetan bizi ziren lagunak.

Bilboko Udaltzaingoaren dispositibo zabala ezarri dute eremuan, eta bertan izan dira eraisketa-enpresetako kamioiak eta udaleko ordezkariak ere. Poliziaren presentzia eta tentsioa nabarmenak izan dira desalojoan zehar, baina aurreko agertokia ere jazarpenak markatu du bizilagunentzat: azken hilabeteetan, justifikaziorik gabeko polizia-miaketak, argi eta ur mozketak eta mehatxuak jasan behar izan dituzte.

Udalak esan du kaleratutako pertsonei bizitoki-alternatiba iraunkorrak bermatuko dizkiela, baina hori fidagarritasun gutxiko promesa bat dela salatu dute kaleratzeko arriskuan zeuden pertsonekin elkartu diren kolektiboek. Gogorarazi dute, hain zuzen ere, antzeko beste kasuetan ez dietela etxebizitza-aternatibarik ziurtatu etxegabetutako pertsonei.

Seinalatu dutenez, gaur berriz gelditu da agerian instituzioen jarduteko modua, ezer ez daukaten pertsonekin: polizia-dispositiboak, presio administratiboa eta baliabide falta dira desalojoaren testuingurua.

Gaurko operazioa, gainera, Erriberan inposatzen ari diren plan urbanistikoaren barruan kokatzen da; azken urteotan Bilboko Udalak sustatu duen Zorrotzaurreko proiektu zabalaren barruan, alegia. Planak lurzoruaren erabilera eraldatuko du, etxebizitza, enpresa eta azpiegitura berrien bidez, eta higiezinen negozioaren mesederako.

Bilboko Kaleko Afari Solidarioak, Erribera Harrera eta Bilboko Etxebizitza Sindikatu Sozialista pabiloietara bertaratu dira hustearen unean. Azaldu dute gaur etxegabetuak izan diren pertsonen alboan jarraituko dutela, udalak bere promesa betetzen duela eta hitzemandako etxebizitza-alternatibak eskaintzen dituela bermatzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK