Scientia funts pribatuak duela pare bat urte erosi zuen Bilboko (Bizkaia) San Pedro Apostol ikastetxe kontzertatua (Scientia Bilbao San Pedro izena hartu zuen orduan), 2022-2023 ikasturtean. 0 eta 16 urte arteko gazteek ikasi izan dute bertan, eta 218 ziren ikasturte hau hastean. Putre-funtsak erosketa egin zuenetik, baina, nabarmena izan da gainbehera ikasleen eta langileen baldintzei dagokienez, eta eskolaren egoera ekonomikoak frenorik gabe egin du okerrera hilabete luzez, Eguberri hauetan zentroa itxi behar izateraino. Dagoeneko beste hezkuntza-zentro batera bideratu dituzte ikasleak, baina ziurgabea da beharginen egoera: ikastetxea hutsik egon arren, lanean segitzen dute teorian, etxetik.
Langile batzuek hamar hilabete daramatzate soldata jaso gabe, iazko otsailetik hain zuzen ere, eta ikasturte hau hastean batu zirenek ez dute zentimo bat bera ere ikusi oraindik. Haietako batek GEDAR LANGILE KAZETAri azaldu dionez, negozioa egiteko, estrategia bat jarraitzen du Scientia funtsak: higiezinak erosi, horietatik ahal duen guztia bereganatu, hondamenera eraman eta berriro saldu, horretatik irabaziak lortzeko. Azken urteetan, beste higiezin batzuekin egin du horixe funtsak: estetika-klinikak, gimnasioak zein ikastetxeak erosi ditu, espekulatzeko.
Jatorria Mexikon duen entitateak 2015ean esku hartu zuen Espainiako Estatuan, besteak beste, baliabide nahikoa ez zeukaten eskolak erosiz. Gutxienez sei ikastetxe bereganatu ditu ordutik, adibidez, Donostiako (Gipuzkoa) Karmelo ikastetxea (2019an erosi eta iaz zarratu zuen Scientiak, 40 langileak kaleratuta), Madrilgo hiru ikastetxe eta Vigoko (Pontevedra) beste bat (bertako eskaintza murriztu dute jadanik, eta kaleratzeen beldur dira langileak). Antza bakarra mantentzen du zabalik gaur egun, Madrilen.
Eusko Jaurlaritzaren rola
Bilboko San Pedro zentro kontzertatu bat izanik, duela gutxira arte, Eusko Jaurlaritzak ordainketa delegatuen ereduaren bidez ematen zituen dirulaguntza publikoak, eta horren mende egon da plantillaren zati baten soldata. Scientiak Ogasunarekin eta Gizarte-Segurantzarekin dituen zorrak direla-eta, ordea, eskolak sarbidea galdu zuen diru publiko horretara, eta erabateko gainbeheran sartu zen: besteak beste, soldaten ordainketa eten zieten beharginetako batzuei, eta duela ia urtebete ekin zioten soldata ez jasotzeari.
Orain, gainera, eta ikasturtea jadanik martxan baldin bazegoen ere, hezkuntza-kontzertua ez berritzea eta laguntza moztea erabaki du Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Bilboko eskolaren kudeaketan izandako "irregulartasun jarraituak" argudiatuta. Etetea tramitatzen ari da jadanik, baina Gabonetako oporren aurretik eskatu zieten ikasleei beste eskola pribatu zein publiko batzuetan matrikulatzeko. Hala, une honetan, ikasle bat bera ere ez dago bertan.
Jaurlaritzak aurrez ere ezagutzen zuen Scientia funts espekulatzailearen jarduna, Donostiako Karmelorekin gertatutakoaren harira. Itxura denez, Scientiaren asmoa da Donostiako eraikin hori Jaurlaritzari saltzea, zentroaren %70 beregana dezan oraingoz (bitartean, gainerako %30a alokairuan dauka funtsak). Salmenta-operazio horri esker, Jaurlaritzaren diru publikoko 12,8 milioi euro eskuratuko ditu Scientiak.
Azken hilabeteetan, San Pedro ikastetxeko langileak, ikasleak nahiz haien gurasoak ez dira geldirik egon. Mobilizazioak egin dituzte, adibidez joan den abenduaren 23an, Jaurlaritzaren egoitza aurrean. Egun horretan bertan jakin zuten berehalakoa zela hezkuntza-zentroaren itxiera, eta beltza zela putre-funtsak Bizkaian negozioa egiteko erositako eskolaren etorkizuna.