Europar Batasunean, batez beste, %25 egin zuen gora gasaren prezioak 2024an zehar. Gorakada beliko bete-betean eta Errusiatik eratorritako gasa Europara helarazteko bideak blokeatuta, badirudi hariak mugitzen hasiak direla Mendebaldeko gobernuak eta konpainiak. Horren adibide izan daiteke Bahia de Bizkaia Gas (BBG) enpresak egindako azken saiakera: baimena eskatu du Bilboko Portuan dituen biltegiratze-instalazioetan beste fluido batzuk jasotzeko.
Bi hamarkadatik gora daramatza gas natural likidotua hartzen eta gai horrekin lanean. Orain, Juan Andres Diez de Ulzurrun presidenteak dio beste fluido batzuk jasotzeko gaitasuna daukala konpainiak, hala nola hidrogenoa, amoniakoa edo CO2-a. 2003tik hona, enpresak 1.000 metano-buke hartu ditu Bizkaiko bere instalazioetan, eta horren ospakizuna probestu du bere asmoen berri emateko. Bai Diez de Ulzurrunek bai Andima Ormaetxeak, Bilboko Portuko Agintaritzaren parte denak, azpimarratu dute "etorkizunari begiratzeko" beharra duela Bizkaiko biltegiratze-plantak. Bertako jarduna zabaltzeak energia-hornidura eta abar bermatzea nahi dute, "ez soilik Euskadin, baizik eta penintsulako arku atlantiko osoan".
Azaldu dute Espainiako Estatuan gehien erabiltzen den gas-sistema dela Bilboko Portukoa, eta Europako garrantzitsuenetako bat. Nazioarteko lehiaren barruan indartzeko, "kalitateari eta zerbitzuari" dagokionez sendoak izateko erronka azpimarratu du enpresak. Europar Batasunarengana jo zuen abenduaren 18an, Bizkaiko instalazioen gaitasuna zabaltzeko baimena eskatzeko, eta onespenaren zain jarraitzen du. Enagas eta Frantziako Estatuko Teréga konpainiekin parte hartuko luke, momentuz, CO2-a jasotzeko proiektuan. Frantziako Estatuan garraioaz eta gasa banatzeaz arduratuko litzateke Teréga.
Beste hamaika proiektu eta mugimendu justifikatzeko egiten den modura, BBGk "ahalik eta trantsiziorik jasangarriena" ahalbidetzea hartu du aitzakiatzat bere asmoei indarra emateko. "Deskarbonizazio-prozesuaren" barruan kokatu du proposamena, eta aditzera eman du Europako beste erakunde batzuek ere badituztela antzerako planak esku artean.