AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/01/19 17:27

Bilboko Gazte Koordinadora Sozialistak egun osoko egitaraua prestatu du urtarrilaren 30erako, Jazarpen polizialari gazteria sozialista izenpean. San Inazio auzoko (Bilbo, Bizkaia) Errondoko Auzo Etxean egingo dituzte jarduera guztiak, goizean hasi eta iluntzera arte. Bi mahai-inguru eta hitzaldi bat izango dira egun horretan zehar eta, nagusiki, hizpide izango dituzte "gazte langileon aurkako errepresioa", "gazte kriminalizazioa Bilboko auzoetan" eta polizia-jazarpenaren "funtzioak" pandemia garaian.

Goizeko 10:30ean irekiko dute egitaraua eta, 11:00etan, hasiera emango diote lehenengo mahai-inguruari. Vallekasko, Bartzelonako Esplugues de Llobregateko eta Donostiako Alde Zaharreko hainbat lagunen eskutik, azken hilabeteetan izan diren kriminalizazio eta errepresio kasuen inguruan arituko dira. Gero, bazkaria egingo dute.

16:00etan, Bilboko errealitatean jarriko dute begirada: hainbat auzotako gazteak pairatzen ari diren kriminalizazioa aztertuko dute, mahai-inguru baten bidez. Errekaldeko, Basurtuko eta Bilbo Zaharreko gazte asanbladek hartuko dute parte, eta auzo horietako "Poliziaren presentziaren paperaz" arituko dira batez ere. Gero, Jazarpen polizialari gazteria sozialista jardunaldia ixteko, azkeneko hitzaldi bat izango da 18:00etan hasita. Hain zuzen, polizia-jazarpenaren funtzioen inguruan jardungo dute GKSko bi kidek, pandemia garaira ekarrita azterketa hori.

Antolatzaileek jakinarazi dute edukiera mugatua izango dela, eta Errondoko Auzo Etxean bazkaltzeko asmoa dutenek aurretik eskuratu beharko dutela bonua. Ondoko telefono zenbakia erabil daiteke harremanetan jartzeko: 688 817 779.