Bilboko (Bizkaia) Conde Aresti adinekoen egoitzako beharginek greba mugagabera joko dute ostegun honetan. Iturri sindikalek aditzera eman dutenez, enpresak 2005eko hitzarmen kolektiboa indargabetzeko asmoa helarazi dio langile batzordeari. Neurri horren arabera, enpresako 25 langile zaharrenek %37ko jaitsiera jasango lukete euren soldatetan, eta hori gutxi balitz, aldi baterako ezintasunaren osagarria ere bertan behera uzteko nahia azaldu du patronalak.
Murrizketen jomugan dauden langileek, batez beste, 27 urte daramatzate enpresa horretan lanean. Horien artean %44k dituzte 60 urte baino gehiago. Conde Arestiko zuzendaritzak "arazo ekonomikoak" aipatu ditu murrizketak justifikatzeko, baina hori bai, ezartzekotan diren neurri horiek ez dute inolako eraginik izanen zuzendaritza-taldearentzat eta egoitzako arduradunentzat.
Negoziazioei uko
Langile batzordeak "erretiro-adinean dauden langileentzako irteera-plan pizgarria" proposatu omen dio zuzendaritzari. Hark, ordea, murrizketen proposamenarekin aurrera jarraituko duela jakinarazi du, aurretiko erretiroen gaineko adostasuna lortuta ere. Ondorioz, "neurri traumatikorik gabeko akordioa" bilatuko dute beharginek greba mugagabearen bidez.
Barne-arrakalak
ELA sindikatuaren arabera, lan-baldintzen okerragotzetik salbuetsita dagoen taldea "%466 hazi da 2015 eta 2021 artean", hots, hiru pertsona izatetik hamalau izatera pasatu da sei urteren buruan. Gainera, arazo ekonomikoen aitzakiapean egoitzak zenbait langileri murrizketak aplikatzeko izapideak martxan jarri dituen bitartean, goi-karguen soldatei "%20 eta %65 arteko igoerak" ezarri omen dizkie.
Hitzarmenaren urraketa
Sektoreko langileen soldata-hobekuntzak zein aldi baterako ezintasunaren osagarriak babesten zituen akordioa hautsi zuen patronalak 2015ean. Hori dela eta, langileek epaitegietara jo behar izan zuten indarrean zen hitzarmena betearazteko. Epaiak soldatapekoei arrazoia eman zien arren, enpresak behin eta berriz agertu du baldintza berriak ezartzeko asmoa. Pandemia egoera horretarako baliatzea leporatzen diote langileek.