AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/03/12 12:23

Iragan larunbatean, martxoak 7, emakume bati eraso egin zion bikotekide ohiak Irunen (Gipuzkoa). Emakumearen etxebizitzan hitzordua jarri zuten biek, gizonak ordaindutako sexu harremanak izateko. Amaitu zutenean etxetik alde egin zuen gizonezkoak, baina handik gutxira itzuli zen, mugikorra ahaztu zuela esanez. Orduan gertatu zen erasoa.

Erasotzaileak bortizki ukabilkatu zuen atea berriro barrura sartzeko, eta lortzean, emakumeari jauzi egin zion gainera. Lepotik heldu eta burua lurraren kontra jo zion behin eta berriro; gero, sexu erasoa egin zion.

Bere burua babesten saiatu zen emakumea, eta azkenean, etxebizitzatik irtetea lortu zuen. Atzetik jarraitu eta eskaileratan harrapatu zuen gizonezkoak, eta mugikorra kendu zion hots egiteko aukerarik izan ez zezan. Ezkaratzean, behin eta berriz astindu eta heldu zuen emakumea.

Dena den, aurretik, lagun bati laguntza eskatzea lortu zuen emakumeak. Gizonezkoa atarian emakumeari eraso egiten ari zenean agertu zen haren laguna, eta bideoz jaso zuen gertatzen ari zena. Azkenean, bertatik ihes egitea lortu eta inguruko lokal batean babestu zen erasotua.

Bost eraso

Honekin, gutxienez bost dira azken egunotan Euskal Herrian salatu dituzten erasoak. Atzo; Hernanin (Gipuzkoa) eta Muskizen (Bizkaia) jazotako sexu erasoen berri eman zuten; asteartean, jakinarazi zuten Bilboko (Bizkaia) gimnasio batean egin ziola eraso entrenatzaile batek emakume bati; eta astelehenean, Donostiako (Gipuzkoa) aparkaleku batean gizonezko batek bi emakumeri eraso egin ziela azaldu zuten hedabideek.