Gutxienez bi gizonezko atxilotu dituzte Gasteizen (Araba) indarkeria matxistagatik. Haietako batek bart eraso die bere bikotekide ohiari eta semeari, Alde Zaharrean. Emakumearen etxebizitzan gertatu zen: liskar batean, gizonak emakumea jo zuen eta lesioak eragin zizkion. Etxean zeuden emakumearen semeak ere, eta haietako bat amari laguntzen saiatu zenean, bera ere kolpatu zuen erasotzaileak. Biei egindako erasoengatik atxilotu zuten handik gutxira; 32 urte ditu.
Bestalde, atzo iluntzean bertan, beste gizon bat ere atxilotu zuten Arabako hiriburuan, emazteari modu jarraian tratu txarrak emateagatik. 21:00ak aldera hots egin zuen emakumeak laguntza eskatzeko: senarra mozkor zegoela eta beldur zela esan zuen. Polizia bertaratu zenean, erasotzailea alde eginda zegoen, eta bere bi haurrekin zegoen andrea, biak adin txikikoak. Joan aurretik, gizonezkoak sakelako telefonoa hautsi zion bikotekideari.