AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/01/23 09:09

Azken asteetan, buru-belarri aritu dira han-hemenka Goierriko Zentro Sozialistaren eta Zestoako (Gipuzkoa) Gaztetxearen alde: bi Langile Kontrolpeko Espazioak daude huste arriskuan, eta horien defentsan ari dira lanean Euskal Herri osoan. Sonepar enpresak hustu nahi du Beasainen (Gipuzkoa) kokatutako Zentro Sozialista, eta Gipuzkoako gotzaitegiak dauka irekita Zestoako Gaztetxearen kontrako prozedura, Elizaren jabetzakoa baita eraikina.

Hala, azken asteetan, ugariak izan dira bai Sonepar bai Eliza seinalatzeko protesta-ekintzak, Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak antolatuta, Goierriko Kontseilu Sozialistaren nahiz Zestoako Gazte Asanbladaren eskutik: protestak eta markatzeak Soneparren hainbat egoitzatan, elkarretaratze bat Donostiako (Gipuzkoa) katedralean, apostasia kolektiboa egiteko kanpaina erraldoia, eta abar.

Dena den, oraingoz, ez Soneparrek ez Elizak ez dituzte atzera bota Langile Kontrolpeko Espazioen kontrako prozedura judizialak eta, beraz, husteak. Bihar izango dira, hortaz, bi espazioen kontrako epaiketak: Tolosan (Gipuzkoa) izango da Goierriko Zentro Sozialistaren aurkakoa, eta Azpeitian (Gipuzkoa) Zestoako Gaztetxearen aurkakoa. Bi kasuetan deitu du protestara Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak, Goierriko Kontseilu Sozialistarekin eta Zestoako Gazte Asanbladarekin batera. 09:00etan izango dira Langile Kontrolpeko Espazioen aldeko mobilizazioak, Tolosako eta Azpeitiko epaitegietan.

Goierrin, iazko martxoan eman zuen eskualdeko Zentro Sozialistaren irekieraren berri tokiko Kontseilu Sozialistak. Zestoako Gazte Asanbladak, berriz, iazko otsailean jakinarazi zuen Elizondo eraikina izandakoa birjabetu eta Gaztetxe bilakatu zuela.

EZ DAGO IRUZKINIK