AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Maccabiren aurkako mobilizazioa Gasteizen, otsailean.
2025/03/19 07:01

Israelgo Estatuak, AEBekin adostuta itxura denez, su-etena apurtu eta palestinarrei eraso die bortizki Gazako Zerrendan: gutxienez 400 pertsona erail eta 500 zauritu ditu azken erasoetan. Sionismoaren basakeriaren aurka, Euskal Herrian mobilizatzera deitu dute Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS): protestak antolatu dituzte biharko eta etzirako.

Bihar, ostegunez, Gasteizko (Araba) Andre Mari Zurian, Bilboko (Bizkaia) Arriagan eta Donostiako (Gipuzkoa) Bulebarrean izango dira Palestinarekin Elkartasunak deitutako protestak, 19:00etan aurreneko bietan eta 19:30ean bigarrenean. Ostiralean, berriz, Iruñean (Nafarroa) eta Altsasun (Nafarroa) egingo ditu mobilizazioak: 18:30ean izango da Iruñekoa, Baratxurien Plazatik abiatuta, eta 19:00etan hasiko da Altsasukoa, udaletxe aurrean. Israel genozida. Palestinar erresistentzia aurrera! lelopean eman du deialdien berri.

EHKSk etzirako, ostiralerako, egin ditu mobilizazio deialdiak hamasei herritan. 18:00etan izango da Oreretako (Gipuzkoa) protesta, Diputazio Plazan; 18:30ean hasiko da Arrasatekoa (Gipuzkoa), herriko plaza nagusian; 19:00etarako jarri dituzte hitzorduak Azkoitiko (Gipuzkoa) plazan, Azpeitiko (Gipuzkoa) plazan, Baionako (Lapurdi) Herriko Etxean, Beasaingo (Gipuzkoa) Bideluzen, Bergarako (Gipuzkoa) plazan, Durangoko (Bizkaia) Udaletxe Plazan, Galdakaoko (Bizkaia) Pontxi Zabala bidegurutzean, Tolosako (Gipuzkoa) Trianguloan, Zarauzko (Gipuzkoa) Udaletxe Plazan eta Zestoako (Gipuzkoa) plazan; 19:30ean egingo dute protesta Garesko (Nafarroa) plazan; eta 20:00etan Gernikako (Bizkaia) Merkurion, Lizarrako (Nafarroa) Baja Navarran eta Murgiako (Araba) Udaletxe Plazan. EHKSk aldarritzat hartu du Israel estatu terrorista! Palestina askatu!.

Txirrindularitzan ezetz esan diote sionisten parte-hartzeari

Apirilaren 5ean izango da Miguel Indurain Sari Nagusia, Lizarrako (Nafarroa) Txirrindularitza Klubak antolatuta. Hainbat urtez parte hartu du bertan Israel Premier Tech talde sionistak, eta, hori ikusita, txirrindularitzarekin lotura duten 70 bat pertsonak sinatu zuten adierazpen bat Lizarra inguruan, sionisten parte-hartzearen aurka: txirrindulariak eta txirrindulari ohiak, entrenatzaileak, boluntarioak, zaleak eta abar. Hemen irakur daiteke Palestinarekin Elkartasuna plataformak bultzatutako idatzia sinatu dutenen zerrenda.

Lizarrako Txirrindularitza Klubak atzo aurkeztu zituen aurtengo edizioa eta parte-hartzaileak, eta argitu ez dituen arrazoiak direla-eta, oraingoan ez da bertan izango Israel Premier Tech. Hala ere, Palestinarekin Elkartasunak salatu du klubarekin biltzen saiatu zela iaz, auziari buruz hitz egiteko, baina erantzuna ez zela ona izan: "Ez zuen horretarako borondaterik erakutsi". Horren ondorioz, "bestelako presio-mekanismoak" jarri ditu martxan plataformak, tartean, aipatutako idatzia. Eta badirudi eduki duela eragina.

Sionistekin "harreman oro etetearen" aldeko borrokak duen garrantzia ekarri du gogora beste behin ere, eta gogorarazi du, kirol-munduan, "Israelgo Estatuaren enbaxadore" funtzioa betetzen dutela sionisten taldeek; Israel Premier Techek kasu. "Palestinan genozidio batean bete-betean murgilduta dagoen estatu kolonial baten propaganda tresna baino ez da", diote Palestinarekin Elkartasunako kideek.

EZ DAGO IRUZKINIK