AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/04/30 11:12

Langileon Nazioarteko Eguna izango da bihar, eta, iaz bezala, Bilbon (Bizkaia) antolatu du manifestazio bat Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS). Zehazki, gerra inperialistari eta Europar Batasuneko estatuen berrarmatzeari ezetz esateko mobilizatuko da Mugimendu Sozialista aurtengo Maiatzaren Lehenean, eta, azken asteetan, Euskal Herri osoan barrena zabaldu du horren aldarria: hitzaldiak, seinalatzeak, bestelako agitazio-ekintzak...

Atzo, esaterako, Gasteizko (Araba) hainbat tranbia-geltokitan ikusi ahal izan zen gerraren eta gerraren erantzule politikoen aurkako salaketa. Publizitatea jarri ohi den paneletan, Espainiako Gobernua edo Eusko Jaurlaritza seinalatzen zituzten kartel handi batzuk agertu ziren, mezu zuzenekin. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen irudiarekin, adibidez, "10.471 milioi euro 2025erako defentsa-aurrekontuetan. Defenda dezagun gerra, defenda ditzagun gure irabaziak" mezua ageri zen. Edo, Jaurlaritzaren logoarekin batera, honakoa irakur zitekeen: "Palestinar herriaren genozidioarekin negozioa egiten duten euskal enpresak finantzatu ditugu".

Joan den asteburuan, PSOEren hainbat egoitza markatu zituzten, hala nola Gasteizen bertan eta Donostian (Gipuzkoa), gastu militarra areagotzen eta eskalada belikoa bultzatzen ari den alderdi politiko nagusia dela salatzeko. Horretaz gain, armagintza-industriarekin lotura zuzena duten eta gerrari esker aberasten ari diren hainbat enpresa jarri zituzten jopuntuan: margo gorriz zikindu zituzten Barakaldoko (Bizkaia) ITP Aero, Hazparneko (Lapurdi) Lauak eta Angeluko (Lapurdi) Dassault, hain zuzen ere.

EHKSko kideek, bestalde, gerra inperialistari buruzko hainbat hitzaldi egin dituzte zenbait hiriburutan eta herritan, gudaren eta berrarmatzearen aurka mobilizatzeko arrazoiak xehatzeko. Hilabete honetan bertan izan dira hitzaldiak eta biharko manifestazioaren aurkezpen-saioak Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean (Nafarroa), Baionan (Lapurdi), Portugaleten (Bizkaia) nahiz Arrasaten (Gipuzkoa).

EZ DAGO IRUZKINIK