2022ko maiatzean egin zuten lehenengo aldiz Okupazio Ilegalari buruzko Kongresua Espainiako Estatuan, eta urtarrilaren 28an eta 29an izan da bigarren edizioa, Bartzelonan. Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak azaldu duenez, oraingoan ere epaile, fiskal eta segurtasun-indar batzuek hartu dute parte jardunaldian, baita administrazio publikoetako eta zenbait auzo-plataformatako kideek ere. Helburu batekin batu dira guztiak, Defentsa Komunitatearen hitzetan: "Okupazio kasuei aurre egiteko mekanismo eraginkorrak garatzea". Eta, gaineratu duenez, "okupazioa gizarte osoari kalte larria eragiten dion fenomenoa dela argudiatuta, Bartzelonako, Madrilgo eta Malagako Abokatuen Elkargoek kongresua baliatu dute okupazioaren aurkako lege-proposamen bat aurkezteko". Juntsek Espainiako Diputatuen Kongresura eraman du proposamen hori.
Okupazioaren aurkako kongresuan, bide-orri bat markatu dute parte-hartzaileek, zenbait neurri ezartzeari bide egin nahi baitiote. Defentsa Komunitateak laburbildu duenez, ondoko neurriak atera dituzte mahaira Bartzelonan: kautelazko desalojoak 48 orduan gauzatu ahal izatea, "zaurgarritasunari buruzko edozein alegazio-aukera ezabatuz"; "jabe handien eta auzokideen elkarteen eskumenak handitzea" eta "pertsona juridikoei (banketxeei, putre-funtsei eta enpresa pribatuei) berehala desalojatu ahal izateko inolako mugarik ez ezartzea", eta "Poliziaren baliabideak handitzea", "bizilekuaren bortxaezintasunaren printzipioa erabat baliogabetuz".
Legedia gogortzeko urratsak
Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak seinalatu duenez, "okupazioaren aurkako legedia gogortzeko behin eta berriz egiten ari diren saiakeren beste adibide argi bat da" aipatutako kongresua. "Saiakera horiek krisi ekonomikoak kolpatutako errealitateari aurre egiteko irtenbide autoritarioaren eta polizialaren parte dira", azaldu du. Eta halako elkarguneetan parte hartzen duten agenteak seinalatu ditu, gainera: "Batzuek proposamen arinagoen alde egiten dute, beste batzuek proposamen gogorragoen alde, baina guztiak klase jabedunari zuzendutako irtenbideak dira, eta guztiek helburu bera dute, okupazioa debekatzea".
Horri lotuta, Defentsa Komunitateak salatu du estatu-erakundeen esku uzten dela auzia eta horiexek direla, hain zuzen ere, "desjabetutako klaseari etxebizitzarako sarbidea ukatzen diotenak, haien eskubide politikoak zapaltzen dituztenak, eta bere jarduera gauzatzeko beharrezkoak diren espazio politikoak izateko edozein aukera deuseztatzen dutenak". Hala, "langileria jopuntuan jartzen duen irtenbide oro gaitzetsi" eta dei egin du "okupazioaren kriminalizazioaren aurka antolatzera".