AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/11/07 09:02

Euskal Irratiek jakinarazi dutenez, gaur goizean, gutxienez lau pertsona atxilotu ditu Frantziako Poliziak Itsasun (Lapurdi), Kanbon (Lapurdi) eta Baionan (Lapurdi). 06:00ak aldera izan dira atxiloketak, eta, une honetan, Baionako polizia-etxean dituzte atxilo lau lagunak.

Dirudienez, 2022an egindako protesta-ekintza bati lotuta atxilotu dituzte. Marieniako laborantza-lurren defentsan, Bouygues Immobilier promotoreak Angelun (Lapurdi) duen egoitzan izan zen ekintza; promotore horrek, izan ere, aipatutako laborantza-lurretan etxebizitzak eraikitzeko proiektu bat dauka. Protesta modura, bulegoa zikindu zuten hainbat lagunek, eta lurrez bete zuten proiektuaren maketa.

Kalteak eragitea leporatzen omen diete lau atxilotuei, eta posible da atxiloketa gehiago izatea. Poliziak esan du polizia-etxera bertaratzeko deialdi bat helarazi zietela atxilotutako lau pertsonei, baina hori gezurtatu dute haiek: ez zuten inolako deialdirik jaso.

Goizean bertan, hainbat eta hainbat lagun bertaratu dira Baionako polizia-etxera, atxilotuak aske gera daitezela exijitzeko. Arratsaldean, 19:00etan, protesta bat izango da Kanbon.

EZ DAGO IRUZKINIK