AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Nafarroako Ospitalearen aurrean elkarretaratuko dira langileak, lan-heriotza bat salatzeko.
2022/05/07 12:06

Beste bi langile hil dira Euskal Herrian lan-heriotza ez-traumatikoetan, oraingoan, Iruñean (Nafarroa) kokatutako Nafarroako Ospitalean eta Volkswagen lantokiko aparkalekuetako batean. Lan-istripu ez traumatikoen larritasuna salatu dute lekuan lekuko langile batzordeek, eta estresak edota lan-baldintza txarrek halako kasuetan izan dezaketen garrantzia seinalatu dute.

Ospitalean hildako langilea, 62 urteko garbitzaile bat

Garbiketan jarduten zuen Nafarroako Ospitaleko aldagela batean zendu zen 62 urteko emakumeak. Maju enpresako langilea zen, zeina azpikontratatuta duen Osasunbideak. Halako heriotzak lan-istriputzat jo ditu langile batzordeak.

Batzordearen salaketa berretsi dute sindikatuek; diotenez, istripu horiek ez dira "kasualitatez gertatzen" lan-orduetan, izan ere, "lan-baldintzak, presioa edota estresa" izan daitezke kausa nagusiak. Istripu kardiobaskularrei egin diete azpimarra bereziki, horiek baitira aipatutako kausen ondorioz ohikoenak izan ohi diren kasuak.

Majuko langile batzordeak elkarretaratze batera deitu du astelehenerako. Goizeko 10:00etan izango da, Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko Kanpo Kontsulten aurrean.

Beste lan-heriotza bat Volkswagenen

Iruñean dauka lantegi bat Volkswagenek, eta hornitzaileek erabiltzen duten aparkalekuan aurkitu zuten apirilaren 30ean kamioi gidari baten hilotza. Antza, plantan hainbat pieza falta zirela ohartzean saiatu zen Volkswagen hornitzailearekin harremanetan jartzen, eta kamioia lokalizatzean topatu zuten langilearen gorpua. Lan-istripu ez traumatikoa izan zen hori ere.

Garraio sektorean beharginek dituzten lan-baldintzak bereziki eskasak direla azpimarratu dute sindikatuek. Lanaldi luzeek, azpikontratazioak, autonomo faltsuen fenomenoak edota entrega-epe laburrek ezaugarritzen dute sektorea, besteak beste.

Urtea hasi zenetik, gutxienez 25 lan-heriotza izan dira Euskal Herrian.

EZ DAGO IRUZKINIK