Iragan astelehenean, hilak 18, gutxienez bi emakumeri egin zieten eraso Arabako hiriburuan. Goizeko 07:00etan, emakume bati bultza egin zion bikotekideak kalean, eta lurrera erori zen. Udaltzainak hurbil zeuden, eta gertatutakoa ikustean, biengana gerturatu ziren. Udaltzainetako baten aurka egin zuenean atxilotu zuten erasotzailea, eta epailearen esku utzi dute dagoeneko.
Egun berean eta hiri berean, beste emakume bati eraso egin zion haren bikotekideak, kalean eta jendaurrean. Larrialdi-zerbitzuei hots egin zien jazotakoa ikusi zuen lekuko batek, eta hark emandako azalpenei esker, Kanpokale Berrian aurkitu zuten erasotzailea udaltzainek. Ihes egiten ahalegindu zen arren, atzeman egin zuten, eta epailearen esku utzi dute bera ere.
Duela egun gutxi, ostiralean, Durangon (Bizkaia) salatu zuten beste eraso bat. Bien etxebizitzan zeudela, gizonezko batek bikotekidea erasotu zuen. Hala, etxetik laguntza eske atera behar izan zuen emakumeak, eta ospitalera eraman zuten. Bertan artatu zuten.