Emakumeen salerosketa kasu berri bat atera dute argitara Euskal Herrian. Hain zuzen, Barakaldon (Bizkaia) dagoen hitzordu-etxe baten jardunaren berri eman dute bi emakumek; azaldu dutenez, emakumeak harrapatu eta sexu esplotaziora bideratzen zituen talde batek kudeatzen zuen pisua. Une honetan lau emakume ziren bertan bahituta zituztenak, eta haietatik bi izan dira egoera salatu dutenak. Kasuaren harira, Espainiako Poliziak hiru pertsona atxilotu ditu Barakaldon.
Bi emakume eta gizon bat izan dira atxilo eramandakoak, paraguaiarrak. Diru premia handiko emakumeak erakartzen zituzten haien herrialdean, Espainiako Estatuan zerbitzari lan bat izango zutela zin eginez. Hala, taldea arduratzen zen emakume horien bidaia gastuak ordaintzeaz, eta behin Espainiako Estatura mugitzean, Bilbon (Bizkaia) izaten zuten haien zain taldeko kide bat. Barakaldora edota Canetera (Frantziako Estatua) eramaten zituzten gero, eta hitzordu-etxeetan prostituzioan jardutera behartzen zituzten. Modu horretan izaten zuten lanaren eta baldintzen berri bahitutako emakumeek.
Esplotazioa eta kontrola
Hainbat hedabideren arabera, eginbide zehatzak zituen sexu esplotazioan aritzen zen talde horrek. Buruaren aginduei jarraiki, biluzik edo erdi biluzik argazkiak ateratzera derrigortzen zituzten harrapatutako emakumeak, iragarkien bidez, interneten sexu zerbitzuak eskaintzeko. Gainera, mugikor bat ematen zieten bahituei, eta bertara jakinarazpenen bat iritsiz gero halabeharrez erantzun behar zuten haiek, eguneko edozein unetan.
Bestetik, irabazten zuten diruaren erdia kentzen zien taldeak emakumeei, zenbateko hori haien bidaiak ordaintzeko zela argudiatuta. Bezeroak zeuden aldiro egin behar izaten zuten lan, eta soilik ordu bat zuten libre egunean. Erosketak egiteko baliatzen zuten ordu hori, izan ere, etengabe kontrolatzen zituzten. Esate baterako, bideo-zaintzarako kamerak zeuden hitzordu-etxean.