Landaben industriagunean (Iruñea, Nafarroa) dago kokatuta Benecke Kaliko lantokia. 100 langiletik gora aritzen dira han soldatapean, autogintzako tapizak ekoizten. Greba mugagabean daude beharginak, eta gaur bete dute bigarren eguna.
Azkenaldian lantegian izan diren kaleratzeak salatzen ari dira langileak, baina azaldu dute etengabeak izan direla behartutako kaleratzeak. Langileen ordezkarien arabera, gainera, zigorrean oinarritutakoa da zuzendaritzaren jarrera.
Continental taldearen parte da Benecke Kaliko. "Ekoizpen arrazoiak" argudiatuta, aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat ere sartu du indarrean berriki, langile batzordearekin akordiorik erdietsi gabe.