Joan den asteartean argitaratu zuten, Iturmendin (Nafarroa), 63 urteko lagun bat atxilotu zutela. Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz atxiki, inkomunikatu eta Madrileraino eraman zuten, han deklara zezan. Gerora azaldu zuten terrorismoa goratzea egozten ziotela, sare sozialetan egindako zenbait komentariorengatik, eta atzo arratsalderako jakinarazi zuten aske geratu zela jada.
Hainbat komunikabidek berriki eman dute aditzera (EFEko iturriak aipatuta), Iturmendiko bizilagun horretaz gain, bigarren pertsona bat atxilotu dutela Nafarroan; terrorismoa goratzea leporatuta, bera ere. Auzitegi Nazionaleko Joaquín Gadea epaileak eman zuen bi nafarrak atxilotzeko eta, atzo, aske uzteko agindua.
Itxura denez, UPN alderdiak aurkeztutako salaketa baten harira atxilotu dituzte biak. "Terrorismoa goratzeagatik eta biktimak umiliatzeagatik" seinalatu ditu; zehazki, ETA erakundeari lotuta. Orain, ikerketapean daude atxilotutako bi pertsonak: fiskaltzak ez du beren kontrako neurririk eskatu, baina aldiro joan beharko dira epaitegira, kontrol-neurri gisa.