AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
CIE Mecauto enpresa.
2021/04/12 13:45

Gaur hasi eta apirilaren 23ra arte greban egongo dira Gasteizko (Araba) CIE Mecauto enpresako beharginak. ELA sindikatuak adierazi duenez, 2020ko urtarrilean hasi ziren enpresako lan-hitzarmenaren gaineko negoziaketak, baina osasun-larrialdia zela-eta atzeratu zituzten elkarrizketak. Aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat ezarri zuen zuzendaritzak iaz, eta langileek salatu zuten zuzendaritzak ez zuela enpresako lan-hitzarmena bete. Horren ondorioz, isuna jarri zion Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak.

Orain, enpresak sei urteko iraupena izango duen hitzarmen bat proposatu du. Aldi Baterako Lan-Enpresetatik (ETT) datozen soldatapeko langileen kopurua %25era igotzea jasoko luke hitzarmenak, baita barne-sustapeneko sistema berri bat ere: horren arabera, 20 urte baino gehiago beharko lirateke langile batek erdi-mailako kategoria lortzeko. ELAk, momentuz, ez du ontzat jo zuzendaritzaren proposamena.

90 behargin dira CIE Mecauton, eta CIE Automotive enpresaren parte da lantegia. Iaz 9.942.000 euroko irabaziak izan zituen.