AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/11/13 09:35

Alemaniako BSH Hausgeräte multinazionak Zaragozan (Aragoi) dituen instalazioak handitzeko planak hasi ditu, 10.000 metro karratu gehiagorekin. "Modernizazio" proiektua datozen hiru urteetan garatuko dute, eta aukera emango dio enpresari ekoizpenerako eta biltegiratzeko eremuak zabaltzeko. Indukzio-plakak eta labeak egiten dituzte bertan, 3.000 pertsona inguru soldatapean izanik.

Aragoiko instalazioen handitzeak bat egingo du, momentu baterako, BSHk Ezkirozen (Nafarroa) duen lantegiaren behin betiko itxierarekin. Izan ere, bertako jarduna eten eta 600 langile baino gehiago kaleratu dituzte berriki. Ezkirozko beharginek gogor egin zuten borroka hilabete luzez, eta saiakera ugari egin zituzten: mobilizazio masiboak, negoziazioak, Poliziak zapaldutako piketeak... Nafarroako itxiera instalazioen "lehiakortasun faltagatik" justifikatu zuen zuzendaritzak, nahiz eta Lan Ikuskaritzak hori gezurtatu zuen. Dena den, nahi zuena lortu zuen azkenean patronalak, Nafarroako Gobernuaren (PSN) isileko baimenarekin.

Ezkirozko ekoizpenari buruzko datuek %50etik gorako beherakada erakusten zuten azken hamarkadan, enpresako langile-batzordearen dokumentazioaren arabera. Hozkailuen fabrikazioa urtean 290.000 unitatekoa izatera igaro zen, eta ontzi-garbigailu trinkoena, berriz, 100.000 unitatera ozta-ozta iristen zen gaur egun, 2015eko ekoizpenaren erdia.

Nafarroako itxiera-prozesua enplegu-erregulazioko espediente baten bidez formalizatu zen, lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko kalte-ordainak barne, UGT, CCOO, ATISS eta Solidari sindikatuek 2025eko uztailaren 17an lortutako aurreakordioan jasotzen zenez. ELA eta LAB sindikatuek ez zuten ituna sinatu, eta planteatutako baldintzen aurka agertu ziren.

Ezkirozko lantokiaren itxierarekin, BSHk amaiera eman dio Nafarroan sei hamarkadatik gorako ekoizpen industrialari, Super Ser, Safel eta Ufesa bezalako enpresa historikoak xurgatu baitzituen. Zaragozako lantegia multinazionalak Espainiako Estatuan duen ekoizpen-gune nagusia izango da orain.

EZ DAGO IRUZKINIK