AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Twitterretik hartutakoa
2024/05/14 10:09

Beste polizia-infiltrazio baten berri eman dute Madrilen. El Salto-k jakinarazi duenez, Espainiako Poliziako beste agente batek, Carlos P. M.-k, bi urtez egin ditu espioitza-lanak Madrilgo hainbat mugimendu politikotan. Juancar izen faltsua erabili du horretarako, eta ikasle malagar bat izatearen plantak egin ditu.

Berez, Espainiako Poliziaren XXXIV. promozioko agente bat da Carlos, eta Avilako eskolan jaso zuen polizia-formakuntza. Aipatutako egunkariaren arabera, zentro horretan ikasi ostean, gutxienez zortzi agentek egin dituzte sator-lanak hainbat eta hainbat mugimendu politikotan. Horiexek dira, hain zuzen ere, El Salto-k edota La Directa-k oraingoz argitara atera dituzten infiltrazio kasuak.

Juancar zelakoari dagokionez, itxura denez, batez ere jai-giroan hurbildu zen Moratalazko Distrito 14 asanbladako kideengana. Dena den, 2020an izan zuen aurreneko kontaktua politizatutako espazio batekin, polizia-agente gisa formakuntza amaitu eta hilabete gutxira: Vallecaseko La Fábrika herri-gimnasiora bertaratu zen. Handik hainbat astera joan zen lehenengo aldiz Distrito 14 asanbladaren bilkura batera.

Hala, muturra sartu zuen bai asanbladan bai La Bankarrota zentro sozialean. Bertako kideek azaldu dutenez, Distrito 14-ren askotariko dinamiketan hartu zuen parte: asanbladetan; Voxen, apustu-etxeen eta etxegabetzeen kontrako protesta-ekintzetan, mobilizazioetan eta abarretan.

Distrito 14-ko kideek seinalatu dute, gainera, Instagram sare sozialean profil faltsu bat sortu zuela Carlosek, bere antzezpena indartzeko. Madrilen ustez ikasketak amaitu zituenean eta lanean hasi omen zenean, ustez lanerako erabiltzen zuen furgonetaren argazkiak argitaratzen zituen Instagramen bidez; gerora jakin denez, faltsuak zirenak.

Beste infiltrazio bat Moratalazen

El Salto-k berak duela hilabete batzuk, 2023ko irailean, eman zuen beste infiltrazio baten berri, Moratalazko kolektibo berdinean: Distrito 14-n. Sergio Botana izenez ezaguna zen agente batek sei urtez egin zituen sator-lanak asanblada horretan eta, besteak beste, Madrilgo Errepresioaren Kontrako Mugimenduan. Oraintsu seinalatu dutenez, Sergio Botana eta Juancar poliziek denbora batez kointziditu zuten Distrito 14-n, espioitza-lanetan.

Sergio Botana zelakoaren kasua plazaratu zenean eta Moratalazko asanbladak barne-ikerketa bat abiatu zuenean sortu ziren Juancarri buruzko susmoak. Horren jakitun, polizia-agenteak bat-batean egin zuen alde.

El Salto-k Carlosen kasuari buruz galdetzean, Madrilgo Poliziaren Probintzia Buruzagitzako prentsa sailak esan du ez daukala infiltrazioen berri. Ohartarazi du, baina, esku-hartze polizialen bat agindu balitz, ikerketa judizial bati lotuta egongo litzatekeela hori.

Militantzia politikoaren kontra

"Errepresioa berezkoa zaio jarduera politikoari, eta estatuak argi dauka bere jendea prestatu behar duela, disidentzia kontrolatu behar duela eta makila paseatzera atera behar duela beste erremediorik ez dagoenean", adierazi zuten Distrito 14-ko kideek, Sergioren infiltrazioaren berri izatean. "Errepresioaren eskala eta intentsitatea matxinadaren eskalaren eta intentsitatearen araberakoak izango dira, baina ez beste ezeren araberakoak. Eta errepresioa borroka politikoari berezkoa zaionez, borroka politikoa aplikatuko da, guk horren kontzientzia izan ala ez", gaineratu zuten.

Beste infiltrazio bat Madrilen, hilabete honen hasieran

Maiatzaren hasieran eman zuten argitara beste polizia-infiltrazio kasu bat, Madrilen bertan. Maria izenez ezaguna zen agente bat hiru urtez aritu zen sator-lanetan, besteak beste, Distrito 104 gazte-kolektibo antifaxistan eta Madrilgo Errepresioaren Aurkako Mugimenduan. Berak ere gimnasio antifaxista batean egin zituen aurreneko urratsak espioitzarako, 2020. urtean.

EZ DAGO IRUZKINIK