Foruzain bat epaitzen ari dira Nafarroako Probintzia Auzitegian, bere bikotekide ohia modu jarraituan jazartzeagatik. Berria-k jakinarazi duenez, gaur hasi da lau egunez luzatuko den epaiketa, eta hainbat delitu leporatzen dizkiote gizonezkoari, neska-lagun ohiari egindakoengatik: derrigortze-delitua, sekretuak ezagutaraztea nahiz agerraraztea eta suaren bidez kalteak eragitea egozten diote. Horregatik, fiskaltzak hamazazpi urteko espetxe-zigorra eskatu du polizia-agentearentzat.
Euren arteko bikote-harremana bukatu ostean, gizonak bost urtez jazarri zuen emakumea: fiskaltzaren hitzetan, bikotekide ohiaren partetik "zaintza, kontrol eta jazarpen egoera larria" jasan du biktimak. Epaitegian mahaigaineratu dutenez, gizonak "gutxienez bi aldiz" jarraitu zuen emakumea errepidean, bera "arrisku larrian jarriz"; eta su eman zion andrearen gaur egungo bikotekidearen kotxeari, ibilgailu hori eta beste hainbat errez.
Erasotzaileak, gainera, bere polizia postua baliatu zuen emakumearen kontra egiteko: Poliziaren datu-baseetara sartu zen baimenik gabe, biktimari eta bere ingurukoei buruzko informazioa eskuratzeko. Besteak beste, andrearen ingurukoei gutun anonimoak bidali zizkien foruzainak, informazio pertsonala ezagutaraziz. Emakumeari berari ere idatzi zion.