Gaur eguerdian, 14:00ak jo baino lehen, langile bat zauritu da Arbizuko (Nafarroa) industrialdeko elikadura-enpresa batean. Ez dute xehetasun handirik eman, baina, antza denez, goialdeko gorputz-adarretan traumatismo bat jasan du, lantokiko makineriarekin arazoren bat izan ostean. Larrialdi-zerbitzuetako langileak bertaratu dira eta Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dute 47 urteko emakumea, pronostiko erreserbatuarekin.
Duela gutxi, urtarrilaren bukaeran, 52 urteko behargin batek galdu zuen bizia Arbizun bertan, lan-istripuz. Obra batean lanean ari zela jo zuen pladurrezko xafla batek.