Suhiltzaileek atzo iluntzean jakinarazi zuten istripu bat izan zela arratsaldean Ezkio-Itsason (Gipuzkoa): herritik bi kilometro ingurura dagoen baso-pista batean, irauli egin zen langile bat gidatzen ari zen traktorea, eta zauritu egin zen horren ondorioz. Helikopteroz mugitu behar izan zuten Zumarragako (Gipuzkoa) ospitalera, baina ez dute bere egoerari buruzko xehetasunik eman.
Horrekin, lau dira azken egunetan Euskal Herrian argitara atera diren lan-istripuak: astelehenean hiru behargin zauritu ziren Santurtzin (Bizkaia), Urdiainen (Nafarroa) eta Elizondon (Nafarroa), lanean ari zirela.
Horrez gain, bi lan-heriotzaren berri eman dute urtea hasi zenetik: urtarrilaren 9an, Arizkunen (Nafarroa) galdu zuen bizia behargin batek, lanera bidean zela, eta urtarrilaren 8an, Urruñan (Lapurdi) hil zen beste langile bat, ur-biltegi bat eraikitzeko lanetan.