Ia bi hilabete igaro dira Pablo Gonzalez kazetaria Polonian atxilotu zutenetik; Ukrainako gerraren ondorioen berri ari zen ematen handik. Espioitza delitu bat leporatuta kartzelaratu zuten Poloniako autoritateek, eta behin-behineko espetxealdian izango dute, gutxienez, maiatzaren 29ra arte. Hamar urterainoko kartzela-zigorra ezar diezaiokete, espioi modura Errusiaren alde aritzea egotzita.
Rzeszow-ko kartzelara eraman zuten lehenengo, baina berriki jakinarazi dutenez, beste espetxe batera tokialdatu dute orain. Varsoviatik 100 kilometrora dagoen presondegi batera eroan dute, Radomera.
Denbora luzez izan dute inkomunikatuta Gonzalez, bere gertukoekin hitz egitea eta egotea ukatu baitiote, baita bere konfiantzazko abokatuarekin, Gonzalo Boyerekin, harremanetan egotea ere; Poloniako autoritateek esleitutako bi ofiziozko abokatu izan ditu. Dena den, azkenean, konfiantzazko abokatu poloniar bat izendatzea baimendu diote nabarniztarrari. Martxan dira, beraz, kazetariaren defentsa prestatzeko lanak, Boyek gidatuta.
Badirudi, bestalde, lekuz mugituko dutela nabarniztarraren aurkako auzia. Orain arte Rzeszow-ko epaitegietan landu dute.