AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Onda Cero
2023/07/03 09:31

Asteburuan ere ez dute etenik izan, 17 urteko gazte baten erailketa dela-eta, Frantziako Estatuan lehertu diren protestek. Oraingoz argitaratu dituzten datuen arabera, bart, seigarren protesta-gauean, 157 lagun atxilotu dituzte mobilizazioetan. Larunbatetik iganderako gauean, berriz, 719 izan ziren atxilotuak. Iragan asteburuan, beraz, beste ia 1.000 atxiloketa izan dira estatu osoan. 

Ostiral gauean, ia 1.000 pertsona atxilotu zituzten protestetan, eta beste lagun bat erail zuen poliziak Frantziako Guayana deiturikoan, Hegoamerikan. Nahelen (edo Naël) hilketaren aurkako mobilizazioetan, manifestarien kontra tiro egin zuten poliziek, eta bere etxeko balkoian zegoen 54 urteko gizon bat jo zuen baletako batek.

Ostegunean, Frantziako ipar-ekialdean, Ruanen, 20 urteko gazte batek galdu zuen bizia protestetan. Teilatu batetik erori zen, guztiz azaldu ez dituzten arrazoiak medio: poliziak esan zuen, supermerkatu bat lapurtzeko saiakeran, teilatutik jausi zela gaztea, baina fiskaltzak kontrajarri zuen, denda horretan, ez zela inolako lapurretarik izan une horretan. Aurreko astean, bestalde, poliziak Nahel hil eta mobilizazioak hasi bezain pronto, lanean ari zen banatzaile bat harrapatu zuen polizia-auto batek.

Milaka atxilotu, gazteak nagusiki

Polizia-etxeen, udaletxeen eta bestelako eraikin publikoen edota ibilgailuen kontrako ekintzek aurrera jarraitzen dute, protesta modura. Aurreko asteartean polizia-agente batek Nanterreko (Paris) kontrol batean Nahel erail eta mobilizazioak piztu zirenetik, 3.000 pertsona inguru atxilotu dituzte Frantzian.

Gazteen parte-hartzea bereziki nabarmena ari da izaten, polizia-bortizkeriaren nahiz arrazismoaren kontrako protestetan atxilotutako asko eta asko adingabeak direla jakinarazi baitute.

Gobernuak, hainbat egunez jarraian, 45.000 polizia-agente inguru mobilizatu ditu estatu osoan, protestei aurre egiteko. Besteak beste, istiluen aurkako unitatea, unitate antiterrorista, informazio brigada eta eliteko unitatea aritu dira mobilizazioak zapaltzeko lanetan.

Badirudi Suitzako Lausana hirira eta Belgikako Bruselara ere zabaldu direla protestak azken egunetan; ostiral gauean, ehunka atxilotu izan ziren Bruselan.

Hamahiru hildako kontroletan

EFE agentziaren arabera, 2022. urtean, hamahiru lagun erail zituzten polizia-indarrek kontrol-puntuetan, horietatik igaro eta, gelditu gabe, aurrera egiten saiatu ziren pertsonen kontra egitean.

EZ DAGO IRUZKINIK