AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Irekia
2025/11/25 08:03

EAEko polizia-akademia beste eskandalu batek markatu du aste honetan: posible da oposizioetako azterketak formakuntza-akademia pribatuetara filtratu izana. Ertzaintzako Barne-Arazoen saila ari da hori ikertzen, eta hainbat hedabidek jakinarazi dutenez, 33. oposizioan parte hartu zuten poliziagaiei egin dizkiete galdeketak jada. Oposizioen lehen zatia gainditu zuten pertsona horiek, eta orain Arkauten ari dira polizia izateko prestatzen, komisarietara salto egin aurretik.

Oposizioetara aurkezteko prestakuntza eskaintzen duten akademia pribatuez galdetu omen diete poliziagaiei, eta Ertzaintzako zenbait agentek akademia horietan klaseak ematen ote dituzten ere galdegin diete, antza. Vocentoren arabera, baina, hamarkadak dira filtrazioen susmoa mahai gainean dagoela, eta ertzain batek onartu omen du oposizioetarako ikasten ari diren poliziagai batzuek zuzenean galdetzen dutela ea nork dituen azterketak, filtrazioak izaten direla suposatuz eta hori ontzat emanez.

Azken hamalau urteetan, 2010etik 2024ra bitartean, 4.000 plaza baino gehiago eskaini ditu Ertzaintzan Eusko Jaurlaritzak. Horri lotuta, indarra hartu omen dute formakuntza-akademiek, eta lehia handia omen dago enpresen artean. Akademia batzuek iragartzen omen dute "azterketa ofizialaren oso antzekoak" eskaintzen dizkietela ikasleei, "eta batzuetan, berdin-berdinak".

Jon Goikolea beteranoak Arkauteko zuzendaritza hartu eta berehala atera da argitara azterketen filtrazio posiblea. Segurtasun sailburu Bingen Zupiriaren aginduz izendatu zuten Goikolea zuzendari, azken hilabeteetako eskandaluen ostean; tartean, azken oposizioetako suspentso masiboa eta Ertzaintzarako hautaketa-prozesuari buruz hainbat poliziagaik salatutako "irregulartasunak".

EZ DAGO IRUZKINIK