AKTUALITATEA / Soldata sistema
Beste bi lan-heriotzaren berri eman dute Eskoriatzan eta Donostian
Astelehenean, beste langile bat hil zen Altsasun. Gutxienez 31 lan-heriotza izan dira aurten Euskal Herrian.
2025eko ekainaren 25
Beste bi lan-heriotzaren berri eman dute Eskoriatzan eta Donostian

Atzo, asteartez, lan-istripuz hildako bi beharginen berri eman zuten Euskal Herrian. Eskoriatzan (Gipuzkoa), baso-lanetan ari zen langile batek galdu zuen bizia, adar batek azpian hartuta. Donostian (Gipuzkoa), berriz, lorezaintzan jarduten zuen 65 urteko langile bat hil zela jakinarazi zuten, "heriotza ez-traumatiko" batean, LAB sindikatuaren esanetan. Donostiako lan-heriotza astelehenean izan zen, atzo argitaratu zuten arren.

Egun berean, astelehenean, Altsasun (Nafarroa) izan zen beste lan-erailketa bat, baso-lanetan hori ere: 45 urteko behargin bat hil zen, adar bat gainera jausita berriz ere. Beraz, 24 orduan, gutxienez hiru langilek galdu zuten bizia soldatapean lanean ari zirela.

Ia sei hilabete igaro dira 2025. urtea hasi zenetik, eta, Euskal Herrian soilik, gutxienez 31 lan-heriotzaren berri eman dute iturri sindikalek.