AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / N Digital
2023/07/01 11:06

Haserreak eta suak hartu du Frantziako Estatua azken egunetan, polizia-agente batek 17 urteko gazte bat odol hotzean erail zuenetik. Asteartean hil zuten Naël (edo Nahel), tiroz, polizia-kontrol batean: uko egin zion bere autoa geldirik mantentzeari, eta bere kontra tiro egin zuen polizia batek. Asteartean bertan piztu ziren protestak Paris inguruan, baina estatu osora hedatu dira gerora.

Bart ere protesta ugari izan dira Frantziako Estatu osoan, eta mobilizazioak itotzeko errepresioa ikaragarria izan da beste behin ere: ia 1.000 lagun atxilotu dituzte; 994, hain justu. Poliziaren kargak izan dira hiri askotan, negarra eragiteko gasa eta borra-kolpeak tarteko.

Azken datuen arabera, dagoeneko 45.000 polizia-agente mobilizatu ditu gobernuak; istiluen aurkako unitatea, unitate antiterrorista, informazio brigada eta eliteko unitatea, hala nola. Oraingoz, ez dute baztertu armadara jotzeko aukera.

Beste bi hildako Guayanan eta Ruanen

Ostiral gau honetan, gainera, pertsona bat erail du poliziak Frantziako Guayana deiturikoan, Hegoamerikan: Naëlen erailketaren kontrako protestetan, manifestarien kontra tiro egin zuten poliziek, eta bere etxeko balkoian zegoen 54 urteko gizon bat jo zuen baletako batek.

Bestalde, Frantziako ipar-ekialdean, Ruanen, 20 urteko gazte batek galdu zuen bizia atzo, protestetan. Dena den, ez dute argitu zehazki gertatutakoa. Poliziaren bertsioaren arabera, supermerkatu bat lapurtzeko saiakeran, teilatutik erori zen gaztea. Fiskaltzak azaldu du, ordea, denda horretan ez zela inolako lapurretarik izan une horretan.

Beste autoritarismo-kolpe bat

Autoritateek, bart gauerako, mobilizazioak debekatu zituzten Frantziako hainbat hiru garrantzitsutan; esaterako, Marseillan, Lyonen eta Bordelen. Hala, etxeratze-agindua ezarri zuten zenbait hiritan, aurreikus zitekeen hirugarren protesta-gaua zapaltzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK