"Borrokak merezi du". Beste behin ere, horixe geratu da agerian Langile Kontrolpeko Espazioen aldeko lanean: egindako borrokari esker, Gaztetxearen jarduna mantentzea eta iraunaraztea lortu dute Burlatan (Iruñerria, Nafarroa). Hasieran Gaztetxearen berehalako desalojoa martxan jarri bazuen ere, espazioak jaso duen babesa eta azken asteetako mugimenduak ikusita, "bere jarrera birpentsatu" behar izan du azkenean EH Bilduk gidatutako udal-gobernuak: behartuta ikusi du berea burua Burlatako Gazte Asanbladak exijitutako baldintza minimoak onartzera.
Gaztetxea berehala eraitsia izateko arriskua zela-eta, bertako jardun zabalarekin jarraitu ahal izateko gutxieneko baldintza batzuk dira asanbladak eskatu zituenak, baina hasieran uko egin zien udalak; eta akordio baten faltan, espazioa martxoaren 15ean husteko agindua eman zuen. Horiek horrela, aterabide baten alde egin du borroka Gazte Asanbladak aste luzez, bi kideren kateatzea tartean. Ikusita emaitzak onak izan direla, gazteek nabarmendu dute "borroka eta mobilizazioa direla bidea antolakuntza independenterako espazioen existentzia eta biziraupena bermatzeko".
"Garaipen garrantzitsua" izan arren, asanbladak ohartarazi du, lortutako baldintza minimoekin, "Gaztetxearen jardueraren parte handi bat" ez dagoela ziurtatuta oraindik. Horregatik, "proiektua garatzen jarraitzeko", lanean eta mobilizatzen segitzea funtsezkoa izango dela dio.
Aurreko larunbatean ehunka lagun mobilizatu ziren Burlatan, Gaztetxearen alde. Gazte Asanbladak azaldu duenez, "antolakuntzarako espazioak ezinbestekoak" direla aldarrikatu zuten manifestazioan, eta elkartasuna adierazi zieten Euskal Herrian arriskuan edo epaiketa-prozesuetan dauden Langile Kontrolpeko Espazioei eta asanbladei: Bilboko (Bizkaia) Etxarri II Gaztetxea (ostiral honetan desalojatu nahi dute), Durangoko (Bizkaia) Kaletik Gaztetxera asanblada (bihar egingo diete epaiketa), Zornotzako (Bizkaia) Matrailu Gaztetxea, Igorreko (Bizkaia) Kiñu Gaztetxea eta abar.