Berriz eseriarazi dute Marixol Iparragirre preso politikoa Espainiako Auzitegi Nazionalean, 1985eko auzi baten harira. Hain zuzen, urte horretan ETAren ekintza batean parte hartzea egotzi diote; Gasteizen (Araba) izan zen ekintza hori, eta huts egin zuen. Iparragirre 2021ean absolbitu zuten kargu horietatik. Auzitegiak kontraesanak ikusi zituen 1985eko atestatua idatzi zuten adituek egindako adierazpenetan, nagusiki, ez zegoelako nahikoa frogatuta Iparragirreren hatz-markak topatu zituztela ustez ekintzarekin lotuta zegoen ibilgailu batean. Fiskaltzak aurkeztutako helegite batean, dena den, azpimarratzen da pisuzkoak direla hatz-aztarnei lotutako frogak, eta Auzitegi Gorenak esku hartu du: eskoriatzarraren absoluzioa ezeztatu eta epaiketa errepikatu dadila agindu du.
Astelehen honetan epaitu dute Madrilen, eta 1985ko ekintza horretan parte hartu izana ukatu du berriz Iparragirrek. Azaldu du, besteak beste, 1990ean ekin ziola ETAn militatzeari, eta ez zegoela Euskal Herrian gertakariak izan zirenean. Fiskaltzak, baina, mantendu egiten du preso politikoarentzat egindako eskaera; beste 488 urteko kartzela-zigor bat exijitzen du, 21 polizia-agente hiltzen saiatzea leporatuta.
2019an Espainiaratu zuten Iparragirre Frantziako Estatutik. Bere kontrako hamabi auzi zituzten irekita Espainiako Estatuan, eta oraindik epaiketa guztiak egin ez dizkioten arren, ehunka urteko kartzela-zigorrak pilatu dizkiote dagoeneko. Uztail bukaeran, gainera, 1997ko auzi baten harira auzipetu zuten berriz, Mikel Albisu Antza preso politikoarekin batera: Miguel Angel Blanco bahitzea eta hiltzea egozten diete.