Azaroaren 14an, okupazioa gogorrago zigortzeko lege-aldaketa bat onartu zuten Espainiako Diputatuen Kongresuan, eta bide egin zioten etxe-kaleratzeak eta edonolako desalojoak bizkortzeari eta errazteari. EAJk proposatu zuen horretarako Prozedura Kriminalaren Legea (LECrim, gazteleraz) aldatzea, eta aldeko botoa eman zuten PP, UPN, CC, ERC, Junts eta EH Bildu alderdiek. EH Bilduk esan zuen "akatsez" bozkatu zuela alde.
Behin Kongresuan lege-aldaketa onetsita, Senatura eraman zuten gaia. Hala ere, badirudi berriz itzuliko dela eztabaida Kongresura: PPk betoa jarri dio proposamenari, eta Senatuan freno hori onartu denez, Kongresura bueltatuko dute gaia. Bertan ikusiko da ea jeltzaleek proposatutako aldaketa behin betiko onartuko duten edo ez.
Beste aukera bat
Gertatutakoa ikusita, abagune bat ikusi du Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak, atzo ohar batean azaldu zuenez: "Okupazioaren aurkako neurri hori gaitzesteko azken aukera bat egongo da berriro". Hortaz, exijitu du ezezkoa eman diezaiotela lege-aldaketari eta, orokorrean, "okupazioa zigortzeari"; "izan zigor moderatuak, izan zigor erradikalak". Argitu du okupazioa "klase jabedunarentzat" dela "arazo bat", baina, kontrara, "irtenbide bat" dela langileriarentzat.
"Hartzen ari diren politikek zigor-logika bati erantzuten diote. Langile-klasearen geruza zabalak ezin direnez jabetza pribatuaren gizarte-ereduan integratu, isilik eta bazterrean mantendu nahi dituzte, zigorraren eta xantaiaren bidez", gaineratu du Defentsa Komunitateak: "Okupazioaren aurkako neurriak ere logika horri erantzuten dio". Kongresuan berriz ere eztabaidagai izango den lege-aldaketa gelditzera deitu du, baita, "oro har, okupazioaren kontrako ofentsibaren aurka borrokatzera" ere.
Euskal Herriko 56 Gaztetxe, espazio eta kolektibotako kideek Gasteizen (Araba) egin zuten agerraldi bat azaroaren 21ean, okupazioaren aurkako lege berria salatzeko. Okupazioaren legitimitatea aldarrikatu eta haren kriminalizazioa gaitzetsi zuten.
Eskuin muturra eta faxismoa, okupazioaren aurkako diskurtsoaren buruan
"Badakigu okupazioaren aurkako diskurtsoa hegemonizatzen ari direnak eskuin muturra eta faxismoa direla", ohartarazi du Defentsa Komunitateak: "Eta ezkerreko alderdiek beren burua antifaxistatzat jotzen badute ere, eskuin muturraren proposamenak aldatuz neurrizko proposamenak egitean, benetan lortzen dutena faxismoa normalizatzea da".
Izan ere, faxismoaren askotariko adierazpenek, hala nola alderdi politikoek eta desokupazio-enpresek, aldarrikatzen dute "okupek ez luketela eskubiderik izan beharko", eta diskurtso hori ontzat ematen duten "neurrizko legeak egiteak ez du faxismoa normalizatu besterik egiten", Defentsa Komunitatearen hitzetan. "Eskuin muturraren neurriok graduz bakarrik huts egiten dutelako ideia zabaltzen da, eta ez beren zentzuan huts egiten dutelakoa", gaineratu du.