AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Etxerat
2022/06/03 11:30

Atzo eguerdian atxilotu zuten Xabier Atristain preso politiko ohia Donostian (Gipuzkoa), eta Martutenen espetxeratu zuten berriz. Espainiako Auzitegi Nazionalak duela lau hilabete eten zuen bere kontrako kartzela-zigorra, eta orduan irten zen Martutenetik. Gorenak, baina, herenegun jakinarazi zuen ez duela hari ezarritako hamazazpi urteko zigorra berrikusiko, eta beraz, donostiarra berriz ere kartzelan sar zezatela agindu zuen. Atzo bertan gauzatu zuten agindu hori polizia-indarrek, eta preso sartu zuten.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak urtarrilean esan zuen Espainiako Estatuak ukatu egin ziola Atristaini prozesu judizial "justu eta ekitatezko bat" izateko eskubidea, besteak beste, ez ziotelako konfiantzazko abokatu bat izateko aukerarik eman. Atxiloaldian inkomunikatuta izan zuten gainera, eta torturapean egin zituen gerora bera akusatzeko erabilitako deklarazioak.

Estrasburgoren sententzia hori nola aplikatu behar zen, ordea, ez zen garbi geratu; horregatik utzi zuten aske preso politikoa joan den otsailean, behin-behinean, ebazpena nola ezarri behar zen erabaki arte. Ikusi da, dena den, zein den azkenean Gorenak hartutako erabakia: ez du Atristainen kontrako zigorra berrikusiko, eta kondena betearaziko dio.

Ebazpen hori argudiatzeko, Gorenak esan du badirela bere aurkako nahikoa froga, inkomunikatuta zeukatenean egindako deklarazioez gain.

EZ DAGO IRUZKINIK