Beste kaleratze kolektibo baten berri eman dute Euskal Herrian. Oraingoan, Berriobeitiko (Iruñerria, Nafarroa) Saint Gobain Abrasivos dago jopuntuan: zuzendaritzak bertako ekoizpena eten nahi du, 45 langile kalera bidaliz. Denera 91 behargin dira plantillan, eta ekoizpen-arloan jarduten dutenei eragingo die enplegu-erregulazioko espedienteak. Arlo komertziala eta administratiboa, momentuz, mantendu egingo dituzte.
Zuzendaritzak aurreko astean eman zion bere asmoen berri langile-batzordeari, esanez "lehiakortasuna galdu" duela konpainiak. Langile-batzordeak, ordea, "deslokalizaziotzat" jo du erabakia. Jatorriz Frantziako Estatukoa da konpainia, eta Europako beste lantoki batzuetara tokialdatu nahi du Berriobeitiko ekoizpena.
Gainazalen akaberarako produktu urratzaileak ekoizten dituzte Saint Gobain Abrasivosen, industriarako eta higiezinen sektorerako, besteak beste. Enpresak 27 herrialdetan baino gehiagotan ditu lantegiak, eta 10.500 bat pertsona ditu soldatapean.
Hurrengo asteetan zehar bilduko dira enpresa-zuzendaritza eta Berriobeitiko langileen ordezkariak, eta, printzipioz, urriaren 15ean hasiko da espedienteari buruzko kontsulta-aldia. Beharginek, baina, iragarri dute mobilizazioak egingo dituztela.