Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) Maiatzaren Lehenerako egin duen mobilizazio-deialdiari lotuta, gerra inperialistaren kontrako aldarria zabaltzen ari dira Euskal Herri osoan barrena azken egunetan. Besteak beste, Europar Batasuneko estatuen berrarmatzearen erantzuleak seinalatu dituzte, baita industria militarrari esker aberasten ari diren enpresak ere.
Esaterako, Espainiako Estatuan inbertsio militarra etenik gabe areagotzen ari den alderdi politiko nagusia jarri dute jopuntuan; gobernuburu den PSOE, alegia. PSE-EEk Gasteizen (Araba) zein Donostian (Gipuzkoa) dituen egoitzak markatu dituzte horren harira, eta ondoko margoketak irakurri ahal izan dira bertan azken orduetan: "Berrarmatzeari ez!", "PSOE langileon etsai" eta abar.
Euskal Herrian eskalada belikoaren kontura aberasten ari diren enpresak ere seinalatu dituzte han-hemenka, adibidez, Barakaldoko (Bizkaia) ITP Aero, Hazparneko (Lapurdi) Lauak eta Angeluko (Lapurdi) Dassault. Armagintzan murgilduta dauden hiru fabrikak margo gorriz zikintzeaz gain, hainbat aldarri egin dituzte horietan: "Gerra inperialistaren aurka, armagintza industriari ez!" zioen mural bat jarri dute ITP Aeroren instalazioetan, hain justu.
EHKSk Bilbon (Bizkaia) antolatu du manifestazio nazional bat Maiatzaren 1erako, Langileon Nazioarteko Egunerako, Gerra inperialistari ez! lelopean. 13:00etan izango da, Bilboko Jesusen Bihotzetik abiatuta. Horretaz gain, arratsaldeko 16:00etarako, Baionan (Lapurdi) ere egin du deialdi Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak.
Berrarmatzeari eta industria militarrari ezetz esan diete
— Gedar.eus (@GedarLangileKZ) April 26, 2025
PSOEren hainbat egoitza eta armagintzarekin lotura duten hainbat enpresa seinalatu dituzte, hala nola, ITP Aero, Dassault eta Lauak
🔗 https://t.co/b0xW5vwnnm pic.twitter.com/LTFApqCo7w