AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Aernnovako langileen protesta, iazko udan. Argazkia: ELA
2020/05/06 17:39

Herenegun, hilak 4, Berantevillako (Araba) Aernnova enpresako zuzendaritzak jakinarazi zuen aldi baterako lan-erregulazio txosten bat ezarriko duela, 448 langileetatik 282ri eragingo diena. Zuzendaritzak astelehenean egin zion dei enpresako langileen batzordeari, espedientearen agiriak aurkezteko. Sindikatuek diotenez, prozeduraren xehetasunen inguruan informatzeko bilkuren egutegi bat ezarri dute dagoeneko. Ez dute langabezia-prestazioen inguruan hitz egin oraindik.

Aeronautika sektoreko enpresak indarrean jarriko duen dosierra 75 laneguni begirakoa izatea aurreikusi dute, eta hilaren 18tik aurrera ezarriko dute, modu txandakatuan. Erabaki horrek bi helbururi erantzuten die: alde batetik, langileak hainbat taldetan bereiziz neurriak modu mailakatuan ezarri ahal izatea, eta bestetik, ekoizpena bere osotasunean ez gelditzea.

Salbuespenak

Zuzendaritzak azaldu duenez, prozeduratik kanpo geratuko dira "zabalkuntza-proiektu berrian" diharduten 150 langileak. Ekoizpenaren beherakadari aurre egiteko, proiektu horretara langile gehiago ez bideratzea erabaki dute zuzendaritzako kideek.

Martxoko borrokaldia

Iragan martxoan borrokaldia abiatu zuten lantegi horretako beharginek, pandemiaren aurrean, lanpostuetan haien osasuna bermatzeko asmoz. Izan ere, koronabirusak jota, eritasun baja hartu behar izan zuten hainbat langilek. Euren osasunaren kontura "negozioekin jarraitzeko asmoa" leporatu zioten enpresari.