AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/01/12 10:13

Urtarrilaren 25ean manifestazioak egingo dituzue Bilbon eta Iruñean. Zerren aurka mobilizatuko zarete eta zergatik iruditzen zaizue beharrezkoa kalera ateratzea?

Koiuntura ekonomikoan eta politikoan bi arazo larri identifikatzen ditugu: alde batetik, Europako oligarkiaren agenda estrategikoa, gerran eta austeritatean oinarritzen dena, eta, bestetik, faxismo berri baten hedapena Europa osoan. Bi gertakari horiek langile-klasearen aurkakoak direla uste dugu, eta Euskal Herrian ere eragiten dute.

Oligarkiaren agenda belizista eta faxismo berria normaltzeak egoera are okerragoan utziko luke langileria, bai politikoki bai ekonomikoki: langileriaren bizi-baldintzen okertzea, jendartearen eta antolatutako taldeen eskubide politikoen murrizketa, ideologia arrazistaren eta matxistaren hedapena... Horren aurka euste-horma bat eraiki behar dugu; oligarkia NATOzalearen eta faxismo berriaren aurkako indarra artikulatu behar dugu. Norabide horretan gure alea jartzeko prest gaude. Horregatik, kalera ateratzeko hautua egin dugu, eta manifestazioak egingo ditugu urtarrilaren 25ean.

"Euste-horma bat eraiki behar dugu; oligarkia NATOzalearen eta faxismo berriaren aurkako indarra artikulatu behar dugu"

Mendebaldeko oligarkiaren agenda politikoa gerran eta austeritatean oinarritzen dela aipatu duzue. Zergatik jartzen duzue oligarkia atlantista jopuntuan?

Gure ustez, funtsezkoa da diskurtso politikoa Mendebaldeko oligarkiaren aurka egituratzea. Izan ere, estatu nazionalen gainetik, nazioarteko agintea oligarkia finantzarioaren eskuetan dago. Berak barne hartzen ditu Mendebaldeko kapital industrial handiaren eta banku zentralen interesak, eta Europako lerro politiko eta ekonomiko nagusiak diseinatzen ditu. Aginte hori nazioarteko hainbat instituzioren bitartez gauzatzen da; besteak beste, Europako Banku Zentralaren, NATOren edo Europako Batzordearen bitartez.

"Oligarkia atlantista horrek gerrara garamatza, estatuen erreforma autoritarioa bultzatzen ari da eta langileon soldaten aurkako agenda bat dauka markatuta"

Bada, oligarkia atlantista horrek gerrara garamatza, estatuen erreforma autoritarioa bultzatzen ari da eta langileon soldaten aurkako agenda bat dauka markatuta. Horregatik seinalatzen dugu oligarkia atlantista langileok bizitzen ari garen egoeraren arduradun bezala.

Europako oligarkia gerran dagoela diozue, eta horren adibide izango lirateke Ekialde Hurbileko eta Ukrainako gerrak. Zein dira guda horien helburuak eta ondorioak?

Europak mundu-mailan zuen posizio inperialista ahuldu egin da azken hamarkadetan. Gainera, ahultze hori are gehiago nabarmendu da Txina bezalako superpotentziak indartzen joan diren heinean. Ekoizpen kapitalistaren nazioarteko krisiaren testuinguruan, Europako oligarkiak gerraren aldeko hautua egin du, bere posizio ekonomikoa eta militarra hobetzeko.

Ukrainan, adibidez, Errusiaren aurkako gudan sartuta dago NATO. Besteak beste, Mendebaldeko oligarkiak Errusiako erregimena ahuldu nahi du eta bertako baliabide naturalen kontrola eskuratu, Mendebaldeko enpresari handien eta multinazionalen negozioak biderkatzearekin batera. Dena den, momentuz Europa ez da bere helburuak erdiesten ari, milaka eta milaka langile hil diren birtartean.

Ekialde Hurbilari dagokionez, oligarkia atlantistak zonalde horren kontrola eduki nahi du, hango aurkari politikoak ahultzearekin batera. Horrela, eta batez ere Estatu Batuen gidaritzapean, nagusitasun militarra eta baliabideen kontrola ezarri nahi dituzte bertan. Argi adierazi nahi dugu: Europako agintariak, NATOren aginduak jarraituz, Palestinako eta Libanoko sarraskiaren erantzuleak dira.

"Oligarkiaren agenda belizistak bere negozio globalak handitzea du helburutzat, baina milaka langileren erailketa dakar, eta beharrezkoa da horren guztiaren aurkako diskurtsoa hegemoniko bihurtzea langileriaren barruan"

Europatik haratago, munduko potentzia ekonomiko handienen arteko gorakada belikoa etengabe areagotzen ari da. Aipagarriak dira egunotan Trumpen administrazioak egindako adierazpen espantsionistak Groenlandiaren, Panamako kanalaren edo Kanadaren inguruan. Ikusiko dugu horrek guztiak zer dakarren, baina potentzien arteko tentsioa areagotzen ari da, Estatu Batuen eta Txinaren artekoa besteak beste, eta horrek tentsio militarra eta gerra-arriskua larriagotzen ditu.

Oligarkiaren agenda belizistak bere negozio globalak handitzea du helburutzat, baina milaka langileren erailketa dakar, eta beharrezkoa da horren guztiaren aurkako diskurtsoa hegemoniko bihurtzea langileriaren barruan. Norabide horretan gure ekarpena egin nahi dugu urtarrilaren 25eko manifestazioekin.

Gerrarekin batera, Europako agintarien agenda estrategikoak austeritatea dakarrela salatu duzue.

Bai, Europako oligarkiaren agenda ez da soilik gudan oinarritzen: gerrarekin batera, soldaten murrizketen agenda aplikatzen ari da. Beste modu batera esanda, Europako langile-klasearen eta erdi-mailako klaseko zenbait mailaren aberastasunaren transferentzia bat izaten ari da, kapital handiaren mesederako.

Eta nola gauzatzen ari dira soldaten aurkako agenda hori?

Soldaten murrizketa edo aberastasunaren tansferentzia hiru elementuren bitartez irudikatu dezakegu. Lehenik, NATO osatzen duten estatuak armagintzara bideratutako aurrekontuak progresiboki igotzen ari dira. Igoera horrekin batera osasungintzan, hezkuntzan eta bestelako prestazio sozialetan murrizketak egingo dituzte. Mark Ruttek, adibidez, pentsio-funtsak armagintzara bideratu behar direla aldarrikatu du.

"NATO osatzen duten estatuak armagintzara bideratutako aurrekontuak progresiboki igotzen ari dira. Igoera horrekin batera osasungintzan, hezkuntzan eta bestelako prestazio sozialetan murrizketak egingo dituzte"

Bigarrenik, Europako industria-krisia aipatu behar da. Europako oligarkia krisi hori probesten ari da austeritatean sakontzeko, lan-kaleratzeak gauzatuz eta soldatei erasotuz. Alemania, adibidez, gogor kolpatu du krisiak, eta horren eragina Euskal Herriko zenbait enpresatara ere iritsi da, langile-familia askoren bizi-baldintzen kontra. Europako industria-krisi hori ez da guztiz lehertu oraindik, eta ondorio are lazgarriagoak sor ditzake etorkizunean. Eta aipagarria da oligarkia finantzarioa Europako egitura ekonomikoa bere interesen arabera berregituratzen ari dela, Europa industrialki deseginez eta bestelako sektore estrategiko batzuk bultzatuz; Draghiren txosten berriak dioenaren bidetik, Europa mundu-mailako potentzia indartsu bihurtu dadin.

Hirugarrenik, Europako estatuen erreforma autoritarioa bultzatzen ari da oligarkia, eta horrek eskubide zibil eta politikoen murrizketa etengabea dakar. Horrela, gerraren eta austeritatearen agendaren aurka borroka egiteko marjinak txikitzen ari dira.

Zuen iritziz, zer funtzio betetzen dute ezkerreko alderdiek testuinguru horretan?

Ezker instituzionalak ez dio oligarkiaren agendari aurre egingo. Hasteko, estatuak eta alderdi politikoak oligarkiaren finantziazioaren menpe daudelako. Azken urteetan oligarkiaren erreforma eta neurri nagusiak aplikatu dituzte, eta horren adibide da PSOEk eta Podemosek osatutako "inoizko gobernurik progresistena" deiturikoa. Besteak beste, COVID-19aren aurrean salbuespen-politikak aplikatu zituzten, Zigor Kodea gogortu dute edo oligarkiaren gerrak finantzatzeko aurrekontuak handitu dituzte.

Gainera, Espainiako Estatu mailan ezkerraren eta ultraeskuinaren arteko sekulako gatazka baten itxurak egiten badituzte ere, Europako Batzordean haietako askok batera gobernatzen dute. Horretaz ez digute hitz egiten, baina Ursula von der Leyen buru duen Batzordea sozialdemokratek, popularrek, liberalek eta ultraeskuinak osatzen dute. Adibidez, PSOEko Teresa Riberak eta Hermanos de Italiako Raffaele Fittok parte hartzen dute elkarrekin.

"Ezker instituzionala ez da langileen artean oligarkiaren aurkako propaganda egiten ari; kontrara, langile-klasea estatu kapitalistari lotuta mantentzeko pedagogia egiten ahalegintzen da une oro"

Ezker instituzionala ez da langileen artean oligarkiaren aurkako propaganda egiten ari; kontrara, langile-klasea estatu kapitalistari lotuta mantentzeko pedagogia egiten ahalegintzen da une oro. Baina langileoi ogi-apurrak ematean oinarritzen den politika erreformistarako baldintzarik ez dago, kapitalismoaren krisia dela-eta erreformak egiteko oinarri ekonomikoa desagerrarazi delako eta oligarkiak langileon soldatak murrizteko apustua egin duelako.

Zein da Espainiako Gobernuaren rola testuinguru honetan, bai gerrari eta bai soldaten aurkako agendari dagokionez?

Espainiako Gobernua, PSOEren gidaritzapean, NATOrekin eta Europar Batzordearekin lerrokatuta dago. Nahiz eta gerraren aurkako eta langileon bizi-baldintzen aldeko diskurtsoa eduki, oligarkiaren agenda aplikatzen du. Horren adibide dira Pedro Sanchezen gobernuak Ukrainara bidalitako armak eta gerra-ekipamenduak, edo Israelgo Estatuarekin dituen harreman diplomatikoak eta ekonomikoak. Aipatzekoa da Eusko Jaurlaritzak, Imanol Pradales duenak buru, agenda hori partekatzen duela. Beraz ez da harritzekoa Euskal Herriko enpresariek Israelgo enpresekin harreman komertzialak mantentzea edo Bilboko Portutik gerrarako tankeak bidaltzea Ukrainara.

"Espainiako Gobernua, PSOEren gidaritzapean, NATOrekin eta Europar Batzordearekin lerrokatuta dago. Horren adibide dira Pedro Sanchezen gobernuak Ukrainara bidalitako armak [...], edo Israelgo Estatuarekin dituen harremanak"

Faxismoaren definizio argirik ez edukitzea aurpegiratu dizuete zeinbaitek. Argitu dezakezue zer ulertzen duzuen faxismo modura?

Lehenik eta behin, nahitaezkoa da gaur egun indartzen ari diren joera erreakzionarioen eta faxismoaren arteko lotura nabarmentzea. Batzuek faxismoaren inguruko definizio interesatua eta historikoki oso mugatua ematen baitute, beren burua definizio horretatik kanpo uzteko, funtsean faxismoaren programa baztertzaile eta autoritarioa onartzen dutenean.

Faxismoa eta nazismoa XX. mendean izan ziren esperientzia historiko gisa gaurkotuta, kontuan eduki behar da momentuko indar erreakzionarioek ordezkatzen dutela faxismoa. Dena den, baditu ezaugarri nagusi batzuk, eta horietako bat izango litzateke, kapitalismoaren krisi-momentuetan indartzen den joera bat izanik, proletalgoaren aurkako gorrotozko diskurtso eta praktika bat dela: proletalgoaren sektore jakin batzuk jotzen ditu gizarteko krisialdiaren erantzuletzat. Elite plutokratikoaren aurkako diskurtsoa ere eduki ohi du faxismoak, krisiaren erantzuletzat eta interes nazionalen etsaitzat hartzen baitute. Baina, errealki, sektore proletarioak jartzen ditu jopuntuan, gizarteko ezegonkortasunen errudun modura seinalatuz eta beren aurkako gorrotoa elikatuz.

"[Faxismoa] Kapitalismoaren krisi-momentuetan indartzen den joera bat izanik, proletalgoaren aurkako gorrotozko diskurtso eta praktika bat da: proletalgoaren sektore jakin batzuk jotzen ditu gizarteko krisialdiaren erantzuletzat"

Gainera, faxisten ikuspegia nazionalismo erreakzionarioan oinarritzen da eta, politikoki, erdi-mailako klasearen eta burgesia nazionalaren arteko aliantza defendatzen dute. Beren subjektua ustezko herri nazional batek osatuko luke, langileriaren eta burgesia nazionalaren zenbait geruzak zehazki, eta batasun nazionalaren eta galdutako armonia baten aldeko diskurtsoa zabaltzen dute. Esan beharrik ez dago, ustezko esentzia eta kultura horren aurka doazen elementu guztiak hartzen dituztela etsai nagusitzat, eta horren aurka estatu kapitalistaren erreminta autoritarioak indartzea bultzatzen dutela. Hala, aipagarria da alderdi parlamentario ultraeskuindarren eta kaleko "eskuadrismoaren" artean izan ohi den harremana. Giorgia Meloniren eta talde neofaxisten arteko lotura da horren adibide.

"Historiak frogatu du jada zer dakarren faxismoak: kapital industrial eta finantzarioaren aliatu izan da eta enpresari handien interesak indarrez defendatu ditu; langileen, sindikatuen eta, batez ere, antolakunde iraultzaileen aurkako politikak aplikatu ditu"

Historiak frogatu du jada zer dakarren faxismoak: kapital industrial eta finantzarioaren aliatu izan da eta enpresari handien interesak indarrez defendatu ditu; langileen, sindikatuen eta, batez ere, antolakunde iraultzaileen aurkako politikak aplikatu ditu inolako erreparorik gabe; langileen bizi-baldintzak okertu ditu; estatu burgesaren erreforma autoritarioaren eta burgesiaren diktaduraren alde egin du, eta abar. Nahitaezkoa da faxismoaren programa baztertzaile eta autoritarioari aurre egitea. Horretarako konpromiso osoa daukagu, eta urtarrileko manifestazioetan ozen oihukatuko dugu faxismo berriaren aurka.

Zein dira faxismoaren gorakadaren arrazoi nagusiak gaur egun?

Izaera orokorreko bi faktore aipa ditzakegu, gure iritziz. Batetik, kapitalismoaren krisialdia aipatu behar dugu, langile-klasearen eta erdi-mailako klasearen bizi-baldintzen okertzea dakarrena. Egoera horretan, erdi-mailako klaseko zenbait geruzak ikuspegi erreakzionarioa bereganatu ohi dute, lehen zituzten bizi-baldintza batzuk berreskuratzeko asmoz, edo baldintza horiek galtzeko beldurrez.

"Ezker parlamentarioak promesa faltsuak egin dizkio langile-klaseari, baina errealitatean enpresarien eta bankarien politikak aplikatu ditu, eta langileriaren gaitasun ekonomikoa txikitzen joan da etengabe. Horrek desatxikimendu politikoa sortu du sektore zabaletan, eta jende asko eraman du alternatiba eskuin esparruan bilatzera"

Bestetik, gogoan izan behar dugu azken urteetan ezker instituzionalak izandako porrota. Ezker parlamentarioak promesa faltsuak egin dizkio langile-klaseari, baina errealitatean enpresarien eta bankarien politikak aplikatu ditu, eta langileriaren gaitasun ekonomikoa txikitzen joan da etengabe. Horrek desatxikimendu politikoa sortu du sektore zabaletan, eta jende asko eraman du alternatiba eskuin esparruan bilatzera. Gainera, ezker instituzionalaren promesa faltsuen eta gailentasun moralaren aurka, joera ultraeskuindarrek gerra kulturala egin dute ikuspegi erreakzionarioa zabaltzeko, eta, horrela, faxismoa indarra hartzen joan da kale-mailan, sare sozialetan eta instituzioetan.

Faxismoa dagoeneko indarra hartu duen errealitate bat dela diozue. Azaldu dezakezue, labur, zertan den faxismoa Europan?

Faxismoa joera politiko nagusia bihurtzen ari da Europan, eta orain dela urte batzuk baino indar-korrelazio hobea dauka. Eremu sozialari dagokionez, indarra hartzen ari da kale-mailan eta kolektibo proletarioen aurkako mobilizazioak areagotzen ari dira, Alemanian eta Ingalaterran ikusi dugun bezala. Eremu instituzionalari dagokionez, Europako herrrialde ugaritan sortu dira alderdi ultraeskuindarrak, eta beren influentzia etengabe handitzen ari da.

"[Europan] Eremu sozialari dagokionez, [faxismoa] indarra hartzen ari da kale-mailan eta kolektibo proletarioen aurkako mobilizazioak areagotzen ari dira [...]. Eremu instituzionalari dagokionez, Europako herrrialde ugaritan sortu dira alderdi ultraeskuindarrak, eta beren influentzia etengabe handitzen ari da"

Aste honetan bertan ikusi dugu FPÖ alderdi ultraeskuindarrak, zeina bere lehen presidentea SS talde paramilitarreko jeneral izan zen, gobernua osatzeko negoziaketak hasi dituela Austrian. Gobernuan dauden eskuin muturreko alderdiek estatuen biraketa autoritarioan sakondu izan dute; Meloniren gobernuak, adibidez, eskubide politikoen aurkako politikak ezarri ditu Italian. Dena den, ikusteke dago zer egitera iritsiko diren alderdi horiek, indar-harremanak beren aldera mugitzen jarraitzen duten heinean.

Gaur egungo faxismo berriaren diskurtsoa Europako estatuen ustezko segurtasun faltan eta islamismoaren mehatxuan oinarritzen da. Zein da zuen ikuspegia?

Krisialdiak sortzen duen atsekabea parametro erreakzionarioetan kanalizatu nahi dute mugimendu eta alderdi faxistek, sektorerik ahulenak jopuntuan jarriz. Batez ere gazte magrebtar proletarioak seinalatzen dituzte Mendebaldeko estatuen segurtasun ezaren eta dekadentzia kulturalaren errudun nagusi bezala; etsai nagusi bezala. Baina komeni zaizkien gauzez baino ez dute hitz egiten faxistek, izan ere, ezkutatu egiten dituzte "bertako" jendearen delituak edota Poliziaren eraso matxistak, besteak beste.

"Handietsi ohi duten segurtasun ezaren arazoari ez zaio aterabidea emango errepresioaren bitartez, pobreziarekin bukatuz eta bitarteko materialen sozializazioaren bidez baizik. Gainera, egoeraren ardura nagusia burgesia handiak zein txikiak daukate"

Handietsi ohi duten segurtasun ezaren arazoari ez zaio aterabidea emango errepresioaren bitartez, pobreziarekin bukatuz eta bitarteko materialen sozializazioaren bidez baizik. Gainera, egoeraren ardura nagusia burgesia handiak zein txikiak daukate, baita Europako Batzordea bezalako instituzio politikoek ere, eta faxistek ere parte hartzen dute horietan. Fokua horien guztien aurkako borrokan jarri behar dugu.

Iruñerriko 31 gaztek salatu dute Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak zigorrak jarri dizkiela, Voxen aurka protesta egiteagatik. Gainera, Desokupa enpresako Dani Estevek sare sozialetan esan du gorroto-delitu bat leporatuko dizuela.

Bai, Espainiako Gobernuak guztira 21.000 euroko isunak jarri dizkie 31 pertsonari, Vox alderdi faxistaren aurka protesta egiteagatik. Gobernuak ultraeskuinaren aurkako diskurtsoa zabaltzen badu ere, egunerokoan faxismoari aurre egiten dioten horiek zigortzen ditu. Horrela, faxismoa gorakada kultural eta politikoa edukitzen ari den testuinguru batean, horren aurka protesta egiteko bideak erreprimitzen ditu.

"Paradoxikoa da beraiek [Desokupa] leporatzea gorroto-delitu bat, haiek baitira langile-klaseko hainbat sektoreren aurka gorrotoa hedatzen eta biolentziaz jarduten dutenak, estatuaren eta polizien babesarekin"

Eta Desokupari dagokionez, paradoxikoa da beraiek leporatzea gorroto-delitu bat, haiek baitira langile-klaseko hainbat sektoreren aurka gorrotoa hedatzen eta biolentziaz jarduten dutenak, estatuaren eta polizien babesarekin. Langileriarentzat etxebizitzaren arazoa amesgaizto bihurtu denean, enpresarien interesak indarkeriaz defendatzen dituen talde faxista bat da Desokupa, eta Dani Estevek etengabe zabaltzen ditu ideia arrazista, matxista eta klasistak sare sozialetan. Horrelako talde faxistei aurre egitea beharrezkoa da.

Zergatik da beharrezkoa gerraren eta faxismoaren aurka mobilizatzea?

Beharrezkoa da kalera ateratzea faxismoari ateak ixteko, eta adierazteko milaka gazte langile gaudela prest faxistei aurre egiteko. Beharrezkoa da kalera ateratzea oligarkiaren eta erreformismoaren agenda atlantistari gure ezezkoa emateko, eta joera erreakzionarioen gorakadan ardura daukatenak seinalatzeko. Beharrezkoa da kalera ateratzea gazteon artean dena erreakzioa ez dela adierazteko, eta sozialismoaren aldeko mezu bat zabaltzeko hamaika lekutako gazte langileei. Gerraren eta faxismoaren aurkako ikuspegia hegemoniko bihurtu behar dugu langileon artean, lehen esan dugun modura.

"Beharrezkoa da kalera ateratzea gazteon artean dena erreakzioa ez dela adierazteko, eta sozialismoaren aldeko mezu bat zabaltzeko hamaika lekutako gazte langileei"

Gerraren eta faxismoaren aurkako aldarrikapenekin batera, bereziki gazteriari zuzendutako mezu bat zabaltzen ari zarete. Zergatik?

Gure mezua langile-klase guztiari bideratuta dago, baina gazteok gerraren eta faxismoaren aurkako borrokan lehen lerroan egon behar dugula uste dugu. Belaunaldi berriei dagokigulako mugimendu politikoen motorra izatea: aurreko belaunaldiek egin bezala, guk ere erreakzioaren aurka eta gizarte sozialistaren alde borroka egin behar dugu. Gainera, Europa guztian zehar gazteen artean izaten ari den ultraeskuindartze-prozesua gelditzea ezinbestekoa da.

Bide horretan, lan egingo dugu Euskal Herrian komunismoa hegemonikoa izan dadin gazteen artean. Era berean, gainontzeko lurraldeetan ere horrela izan dadin saiatuko gara, Europan zehar gazteria langileak antolakunde iraultzaileak sortu ditzan, ezker instituzionalarekiko independentzian eta faxismoaren aurka.

EZ DAGO IRUZKINIK