AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Arg: LAB
2019/12/04 13:19

Hala Bedi-k jakitera eman duenez, "asistentzia falta" leporatuta, langile bat kaleratu berri dute Arabako Celsa enpresan. Azken hilabeteotan eritasuneko baimena izan du beharginak; ogibidetik eratorritako gaixotasun bat dela-eta, gainera. Kaleratzea gauzatzeko, aurrenekoz, Langileen Estatutuko 52. artikulua ezarri du Celsak. Artikulu horren arabera, "asistentzia faltaren" ondorioz, legez, beharginak bidali ditzake enpresaren zuzendaritzak; baita gaixotasunak tartean direnean ere.

Auzitegietara joko du kaleratua izan den langileak. Atzo, abenduak 3, ordubeteko lanuztea eta protestak egin zituzten haren lankideek. Hain zuzen, Gasteizko (Araba) eta Urbinako (Araba) egoitzetan elkartu ziren.

Gaixotasunak eta ziurgabetasuna, eguneroko ogia

Langileek salatu dute ohikoak direla eritasuneko bajak euren egunerokoan, eta batez ere, lanpostuen eraginezko gaixotasunak izan ohi direla azaldu dute. Zuzendaritzak ez duela neurririk hartzen salatu dute; hala, etengabeak dira ingurumen-baldintzek sortutako katarro eta gripeak, edota antsietatea. Antsietate horren iturria, lan eremuko "ziurgabetasuna eta segurtasunik eza" direla nabarmendu dute. Giharretan edota hezurduran arazoak izatea ere ohikoa dela diote.

Kaleratzeak parez pare

Enpresak aldez aurretik jakinarazi zuenez, gainera, enpresak asmoa du datorren urtean langile kopurua murrizteko. Dena den, ez dute zehaztu nola eramango duten aurrera prozedura: "Enpresak ez du argitu nahi zer gertatuko den 2020. urtean, baina murrizketaren beharra jarri dute mahai gainean hainbat bileratan".

Zuzendaritzak 2018. urtean jarri zuen martxan Enplegu-Erregulazio Espedientea, eta bide hori amaierara iristen ari den honetan gertatu da eritasuneko baimenean zegoen langilearen kaleratzea.